Estatus berria onartu ahal izateko bide luzea dago oraindik urratzeko. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus berri horren negoziazioetan dihardute, eta, halako bat aurkeztu eta onartzea eskatuko balute, Espainiako Kongresuak ontzat eman beharko luke gero. Tartean, baina, badira arrisku gehiago: baliteke Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurrez jar daitezkeen helegiteek bidea oztopatzea. Eta, hain justu, horixe da gaur Espainiako Kongresuko osoko bilkuran eztabaidarako onartu dutena, erkidegoetako parlamentuek estatutuak erreformatzeko egindako proposamenei aurretiazko helegiteak jartzea eragozteko erreforma saiakera. Jeltzaleek egindako proposamena da, eta Kongresuak orain erantzun bat eman beharko dio.
Baina erreforma hori ez da EAJk proposatu duen aldaketa bakarra, Konstituzionalari zigortzeko gaitasuna ematen dion legea indargabetu dadila ere eskatu duelako. Konstituzionalari men egiten ez dioten kargudun publikoak zigortzeko modua ematen du lege horrek, eta jeltzaleek proposatzen dute txikiagoa izan dadila legea urratzeagatik ordaindu beharreko isuna. Nola bata hala bertzea 2015ean PPk gehiengo absolutuarekin egindako bi erreforma dira, artean Kataluniako independentzia prozesua bete-betean zela.
Behin tramiterako onartu eta gero, bere bideari ekingo dio lege proposamenak. Ikusteko dago, baina, zenbat luzatuko den denboran. Hain zuzen, zuzenketa epeen luzapenak zirela medio, ez atzera ez aurrera geratu zen Kongresuan auziaren inguruan aurkeztutako azken proposamena.