Maiatzaren 27ko hauteskundeen ondoren, gaur ari dira udalak eratzen Hego Euskal Herrian. Donostia izan da hiriburu guztien artean goiztiarrena, eta goizeko hamarretarako jada aukeratua zuten Odon Elorza PSE-EEko hautagaia alkate. PSE-EEko hautetsien botoak ez ezik, EB-Aralar koalizioko hiruenak ere jaso ditu Elorzak, atzo gobernu akordioa iritsi ondoren. Horrenbestez, gehiengo osoa eskuratu du, aurreko legegintzaldian gutxiengoan gobernatu ondoren.
Gasteizen, berriz, goizeko hamarretan hasi da udala eratzeko saioa, eta aurreikusita zegoen bezala, Patxi Lazkoz PSE-EEko zerrendaburua aukeratu dute alkate eta PPko Alfonso Alonso agintetik kendu. PSE-EEko hautestsien babesa baino ez du jaso Lazkozek, eta, beraz, ez du gehiengo osorik. Oposizioko zinegotzi guztiek txuri bozkatu dute.
Bilbon eta Iruñean, berriz, ezusteko handirik gertatu ezean, Iñaki Azkuna (EAJ) eta Yolanda Barcina (UPN) aukeratuko dituzte alkate hurrenez hurren. Azkunak EB-Aralarren babesa jasoko du. Barcinak, aldiz, UPNko hautetsienak, eta, beraz gehiengo osorik gabe geratuko da.
Istiluak hainbat lekutan
Udal eraketa asko protesta artean gertatu dira, EAE-ANVren jarraitzaileak batu baitira herri askotako udaletxe atarietan Espainiako auzitegiek beren zerrendak baliogabetu dituztela salatzeko. Andoainen (Gipuzkoa), adibidez, istiluak izan da Jose Antonio Gabarain alkatea (PSE) pertsona horiek udalbatza aretotik atera ditzatela agindu ondoren. Sestaon (Bizkaia) Ertzaintzak ezker abertzaleko bi kide atxilotu ditu baliogabetzeen aurka protestan ari zirela.. Donostian ehun bat lagunek parte hartu dute protestan.
Udalen osaketa
Ezustekorik ez da izan Hegoaldeko hiriburuetako alkateen aukeraketan
Iñaki Azkunak (EAJ), Odon Elorzak (PSE-EE) eta Yolanda Barcinak (UPN) jarraituko dute hurrenez hurren Bilboko, Donostiako eta Iruñeko alkate izaten. Gasteizen PSEko Patxi Lazkozek eskuratu du alkatetza PPko Alfonso Alonso agintetik kenduz. Barcinak gutxiengoan gobernatu beharko du Iruñean. Aldiz, Elorzak gehiengo osoa eskuratu du EB-Aralarren babesari esker. Udalen eraketa protesta artean gertatu da leku askotan, zerrenden baliogabetzea salatu baitute EAE-ANVren jarraitzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu