Koldo Pla Antsoaingo Nafarroa Baiko zinegotziak atzo bere etxean Falange y Tradicion elkarteak sinatutako gutuna jaso zuela-eta Nafarroako Foruzaingoan salaketa jarri du. Izan ere, heriotz mehatxua dago, Nafarroako Desagertuen, Erailen eta Fusilatuen senideen elkarteak, Txinparta elkarteak eta Alargunen Herria elkarteak gaitzetsi dutenez. Pla elkarte hauen kide da.
"Mehatxu hauen larritasuna ez datza bakarrik talde faxista honek duen taxuan, baizik eta holakoak adierazteko, burutzeko eta ospatzeko duen erraztasunean", salatu dute elkarte horiek.
Plaren arabera, gutun hori ez diote zinegotzia delako bidali, baizik eta "sakonean memoria historikoa dago, eta jarri diren monumentu guztiak. Mehatxu horiekin, biktimei dagokien tokia eman diezaieten egiten ari garen bide hori moztu egin dute".
Falange y Tradicion elkarteak sinatutako gutunean, besteak beste, 30 egunetan Nafarroatik "behin betiko" joateko eskatu dio NaBaiko zinegotziari, "hala egin ezean, zure omenezko meza batera joango zara aurki".
Aurten Euskal Herrian hainbat eraso egin dituzte frankismoaren biktimen oroitarrien aurka, edota Espainiaren aldeko eta Euskal Herriaren eta ezker abertzalearen aurkako pintaketak ere egin dituzte eraikin publiko eta pribatuetan, eta eraso horien erantzule egin da Falange y Tradicion elkartea.
politika
Falangeak Antsoaingo Nafarroa Baiko zinegotzi bati heriotz mehatxua egin dio
Koldo Pla hautetsiak elkarte hark sinatutako gutuna jaso zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu