Heizeren koordinatzaileak

Saioa Landa eta Josebe Azpiri: «Faltan sumatzen dugu eskola publikoa ardatz izatea»

Hezkuntza Legearen prozesuan, sentitu dute entzun dietela baina ez kontuan hartu. Zehaztapena falta delakoan daude; uste dute hor egongo dela gakoa.

Heize
Gorka Rubio / foku
Irati Urdalleta Lete.
Zarautz
2023ko abenduaren 20a
05:00
Entzun

Ipar bat, plan estrategiko bat. Eskola publikoarentzat. Horren falta sumatzen dute Josebe Azpirik (Ondarroa, Bizkaia, 1976) eta Saioa Landak (Zarautz, Gipuzkoa, 1976) EAEn onartzear diren Hezkuntza Legean. Heize eskola publikoko zuzendaritzen elkarteko koordinatzaileak dira, Bizkaikoa eta Gipuzkoakoa, hurrenez hurren. Gertatzen dena gertatzen dela, apustu egin dute eskola publikoa saretzen jarraitzearen alde.

Legea zer iruditzen zaizue? Entzun al dizuete?

SAIOA LANDA. Sindikatuak deitu gaituzte, Harro plataforma, EHIGE, Heize... Entzun, entzun digute. Kontuan hartu? Ez dut uste. Legeak baditu hainbat puntu ez ditugunak oso argi ikusten.

JOSEBE AZPIRI: Zehaztapena falta da, oso orokorra baita; zehazteko asko dago puntu bakoitzean, eta zehaztasunetan dago gakoa. 

Jasotzen al ditu eskola publikoaren beharrak?

AZPIRI: Hori da justu faltan sumatzen duguna, eskola publikoa ardatz izatea.

LANDA: Ardatz izatea, begirada garbi batekin. [Eskola publikoa eta itunpekoa] Oso pareko jartzen gaituzte, eta inondik inora ez ditugu baldintza berak. Ez dakigu iparra non jarri duten, zer plan estrategiko garatu duten eskola publikorako: nolako finantzaketa izango duen, kontratu programak zer diren... Plan bat behar dugu, inoiz baino gehiago.

Zergatik ez zaudete egoera berean?

AZPIRI: Errealitate oso desberdinak daudelako eskola publikoan eta itunpekoan: batzuk, orain arte behintzat, ezin ziren itunpekora joan, kuotak kobratu direlako. Eta badirudi kobratzen jarraituko dutela. Gainera, irakasleak aukeratzeko aukera dute.

LANDA: Itunpeko ikastetxeetan —batzuetan behintzat— aniztasunik ez dago. Hezkuntza Legeak ere aipatzen du familiari eskubidea bermatu behar zaiola nahi duen ikastetxea aukeratzeko. Askok ez daukate aukeratzeko eskubiderik: kuotarik ezin badute ordaindu, ez dago aukeraketarik. 

AZPIRI: Pentsatzen zen 1993ko legearekin ere doakoa izango zela, eta ez zen izan. Neurriz gaineko eskaintzarik ez dela egongo ere aipatzen da, baina badago.

LANDA: Itunak daude. Nola mugatuko dira? Ez dago denentzat, eta erabaki batzuk hartu behar dira. Hezkuntza Sailak zer erabakiko du? 

AZPIRI: Iritzi bat izan behar dute, ardatz bat, etorkizun bat pentsatuta. Herri askotan ez dago umerik bi ikastetxe mantentzeko.

Hizkuntza ereduak zer iruditzen zaizkizue?

AZPIRI: Euskalduntzen duen bakarra D eredua da. Hainbat ebidentzia daude esateko A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen, eta B eredu asko kamuflatutako A ereduak dira.

LANDA: Ereduak blindatzea da egin den hanka sartzerik handiena. Eskola publikoan ere izan dezake eragina. 

AZPIRI: Hiri handietako eremu jakin batzuetan, itunpeko ikastetxeek B eredua eskaintzen jarraituko dute...

LANDA: Eta hainbat eta hainbat familia erakarriko dituzte. Oso kontuz ibili behar da, eta zorrotz gainbegiratu behar zaie garatzen diren hizkuntza proiektu motei. 

Hizkuntza proiektua egitea ez al da gehiegizko lan karga bat jartzea ikastetxeen gain?

AZPIRI: Arriskua da zuzendaritza egonkorra ez daukan ikastetxe batean urtero egon daitekeela proiektu bat; atzera edo geldirik gera daiteke. Eskola publikoa saretu egin behar da, denok batera joan. 

LANDA: Arriskua eduki dezake. Hizkuntza proiektu horiek nolakoak izango dira? Legean esaten da DBH4ra iristean B2 maila lortu behar dutela bi hizkuntzetan. Benetan lortuko dute? Nork bermatuko du maila hori lortuko dutela? Norbaitek ebaluatuko du?

Ikastetxeko irakasleen ardura izango da maila ebaluatzea. Egokia iruditzen al zaizue?

AZPIRI: Ez, ez da egokia. Ikastetxearen esku uzten bada, denek bikain atera dezakete.

LANDA: Ez dakigu nola izango den, baina ziur euskara ez dela irabazian aterako.

Segregazioa da hezkuntza sistemaren beste arazo bat. Lege berriak jasotzem al du horri aurre egiteko neurririk?

AZPIRI: Segregazioa kontuan hartzen du. 2 urteko umeen eskolatzean jarri zen muga bat, ikastetxeetan zaurgarri kopurua berdintzeko, baina ez dago oso argi zergatik hartu dituzten hartu dituzten erabakiak. Segregazio handia zegoen toki batzuetan, nahiko berdintsu utzi dute. Esan zuten 2-3 urte beharko zirela aldatzen hasteko, baina...

LANDA: Heizen aipatu izan dugu gardentasun falta ere nabari dela. 

AZPIRI: Familiak berak erantzuten duen inkesta batetik erabakitzea familia bat zaurgarria den ala ez...

LANDA: Askotariko ikasleak dituzten ikastetxeek esaten dute: «Gurera ez dira etorri zaurgarriak ez diren umeak». 

Ikastetxeen autonomia garatzeari bide ematen al dio?

LANDA: Ikastetxeek abiapuntu oso desberdina daukagu.

AZPIRI: Batzuk zuzendaritza talde egonkorrik gabe daude, urtetik urtera irakasleen %80 aldatzen zaizkie... Horiei autonomia utzi behar diegu? Laguntza eta gidaritza zuzena behar dute. Aldiz, beste batzuek autonomia handiagoa behar dute: ekonomikoa, irakasleen aukeraketan... 

LANDA: Sare izaera aldarrikatu behar dugu, gure arteko lehiak ez sortzeko autonomiaren izenean. Sakonki aztertu beharreko gaia da, baina saretu dezagun eskola publikoa, lagundu diezaiogun elkarri, ahalik eta modurik eraginkorrenean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.