Alokatua duten etxebizitzaren hezetasunagatik, familia bateko aita eta alaba eri gertatu dira azken egun hauetan. Aita lehenik, eta sei urteko alaba ondotik; hura ospitaleratu behar izan dute hats hartzeko arazoengatik, Alda auzoetako elkarteak bideo batean jakinarazi duenez. Zehazki, hezetasunaren ondoriozko mutxidurek sortu dituzten onddoak atzeman dizkiete biei odolean, aspergillus eta cladosporium izenekoak.
Afera jakin bezain laster, Alda sinadurak biltzen hasi da, egoera konpontzeko boterea dutenei presio egiteko aterabideak proposa ditzaten. Hots, etxebizitza sozialez arduratzen direnei dei egin diete, hala nola «HSA, Office 64, Domofrance, COL, Erilia edo CDC Habitat» bezalako eragileei, elkarrekin mobilizatu daitezen familiaren beharrei erantzunen liekeen etxebizitza baten aurkitzeko. Baita Pirinio Atlantikoetako Prefeturari ere, «horien osasunak lehentasuna izan behar lukeelako» eta jadanik «hiru urte direlako familia hori etxebizitza baten lortzeko lehentasunezko zerrendetan dela».
Xehekiago zehaztu du zer-nolako ondorioak ekarri dizkion familiari hezetasunaren arazoak. «2020an hezetasuna zuen etxebizitza batean sartu ziren, eta, geroztik, Marc familiako aitari, etxeko mutxiduren ondoriozko onddoak atzeman dizkiote odolean. Bere osasun arazoengatik, kanporatua izan da lanetik. 11 urteko semeari asma txartu zaio, eta, orain, jakin berri dugu horien sei urteko alaba ospitalean dagoela haren odolean ere etxebizitzako onddoak atzeman baitizkiote. Biziki larria da. Horregatik, sinadura bilketa bat abiatu dugu bizitegi berria eman diezaieten, ahalik eta lasterren, haien osasunak lehentasuna izan behar bailuke».
2020an sartu zirenaz gero, geroz eta txarragoa bilakatu da egoera. Bost urte dira etxebizitza aldatzen entseatzen direla medikuen gomendioz, baina aterabiderik atzeman ezinik gertatu dira beti. Eta hezetasuna kudeatzen ahalegindu izanik ere, eraikinari dagokio arazoa, eta ez dute lortu konpontzea.