Gasteizko Udaltzaingoak familia bat etxegabetu zuen atzo Gasteizen aurrez abisurik eman gabe, Auzoan Bizi etxebizitza sareak jakinarazi duenez. Atzo eguerdian kaleratu zuten lau kideko familia —gurasoak eta bi haur, horietako bat adin txikikoa—, umeak etxean bakarrik zeudenean. Etxebizitza sareak salatu duenez, talde judiziala, sarrailagile bat eta Polizia bertaratu ziren, eta bertatik bota zituzten.
Auzoan Bizi etxebizitza sarekoa da etxegabetutako familia. Etxegabetzearen berri izan bezain laster, plataforma horretako hainbat kide bertaratu egin ziren etxebizitzara, baina, azaldu dutenez, familiaren defentsa juridikorako eskubidea babesten saiatzen ari zirenean, Poliziak bertatik bota zituen, eta bi kide identifikatu. «Familia inolako alternatibarik gabe geratu da kale gorrian», salatu dute. Izan ere, Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuek behin-behineko gela bat eskaini diote familiari bost egunerako.
«Etxebizitza negozio den bitartean, ez da eskubidea izango, eta Poliziak eta epaitegiek familiak kale gorrian uzten jarraituko dute jabetza pribatuaren defentsan»
AUZOAN BIZI ETXEBIZITZA SAREA
Auzoan Bizik salatu du etxegabetzea «modu irregularrean» egin dela, familiak ez duelako izan defentsa juridikorako inolako aukerarik eta etxetik bota dituztelako inolako jakinarazpenik gabe. Ez hori bakarrik; gaitzetsi dutenez, adin txikikoak tartean egonik ere epaitegietako ordezkariek ez dute gizarte zerbitzuekin hitz egin. «Etxebizitza negozio den bitartean, ez da eskubidea izango, eta Poliziak eta epaitegiek familiak kale gorrian uzten jarraituko dute jabetza pribatuaren defentsan», ohartarazi dute.
Sarearen ustez, Etxebizitza Legeak eta moratoriak «alferrikakoak» dira, etxegabetzeak egunero egiten dira eta. Horri aurre egiteko, «klase elkartasuna eta auzodefentsa oinarri» hartuta, etxebizitzaren negozioaren eta etxegabetzeen aurka «komunitate politikoa» antolatzen jarraituko dutela adierazi dute.