Ez du harriduraz hartu lana eta familia uztartzeko laguntzak hain azkar agortu izana. Egoeraren ispilu dela uste du Hirukide sendi ugarien elkarteko presidente Natalia Diez Caballerok (Gasteiz, 1973). Juan Maria Aburto Gizarte Politiketako sailburuarekin biltzekoak dira; familia politiketan zer asmo duen argitzea nahi dute.
Amaitu dira aurtengo laguntzak.
Ez gaitu harritu. Aurrekontua erdira jaisten denean denbora gutxian, eskari kopuru bera egonda, ikusten zen zer etorriko zen. Areago aurreko gobernutik 25 milioi ordaindu gabe zeudenean. Aurrekontua era horretan gutxituta, oso zaila da eskariei erantzutea.
Jaurlaritzak gogoeta iragarri du jaiotzengatiko diru laguntzei buruz. Aldaketak behar dira?
Bai. Gaur-gaurkoz, Euskadiko familia politikak ez dira aski. Ez da gogoeta sakonik egin gaiari buruz, eta nahiko kontsentsurik ere ez dago. Egia da familiak laguntzeko legea alderdi guztiek onartu zutela 2008an. Baina zertan geratu da? Garapena behar zuen. Hartu dira neurri batzuk —jaiotzengatiko laguntzak, lana eta familia uztartzekoak...—, baina ez dituzte konpontzen zailtasunak. Konpromiso irmoagoa behar da, lidergo handiagoarekin, familia politikak finkoagoak eta egonkorragoak izateko. Ez soilik neurri ekonomikoak. Gauza gehiago behar dira: ikasturte hasieran eta amaieran egokitze aldiekin jarraitzen dugu, zurrunak dira lan ordutegiak... Gaur egun bideraezina da lana eta familia uztartu ahal izatea: familia asko konponbideak topatu ezinik ibiltzen dira.
Sei urte joan dira legea onartu zutela. Asko dago garatu gabe?
Zeharkako legea da: Jaurlaritzako sail guztiak hartzen ditu. Benetan gai honen lidergoa ez badu hartzen sail batek baino indar handiagoa duen organo batek, edo lehendakaritzan ez badago benetako borondate politikorik familia politikei lehentasuna emateko, zaila izango da politika sendoagoa lortzea. Azken batean, izan ere, erakunde asko daude tartean.
Familiari buruzko organismo autonomo bat sortu behar da?
Guk beti eskatu dugu familiaren institutu bat, gaiaren lidergoa hartzeko. Gai asko daude familiari eragiten diotenak. Hirukide elkartea bera ari da gaur egun ateak jo eta jo, legea bete dadin. Gainera, 2020an Europako Batasuneko datuetara iristeko konpromisoa hartu zuten: bertan dago 2020a, eta Jaurlaritzak orain iragarri du errentaren araberakoak izango direla diru laguntzak. Ziur dakigu horrek kalte egingo diela familiei, hemengo per capita errenta ez delako horren apala: familiek diru gutxiago jasoko dute. Noski, lagundu behar zaie behar handiena duten familiei, baina horretarako badaude beste diru laguntza batzuk; jaiotzagatiko laguntzak ematen dira jaiotzak berak sortzen dituen gastuetarako. Nolabait, ardura hartzen du gobernuak horrela, ume bat ekartzea ona baita herriarentzat, kapital soziala baita. Beharra dutenentzat badaude diru sarrerak bermatzeko errenta, bekak, larrialdiko laguntzak... Ez diezaiegun buelta eman gauzei. Ez dezagun atzera egin lortutako gauzetan.
Familia politikak. Elkarrizketa. Natalia Diez Caballero. Hirukide elkarteko presidentea
«Familia politikez ez da gogoeta sakonik egin»
Lana eta familia uztartzeko diru laguntzak agortu izana adibidea dela uste du Diez Caballerok: ez dagoela familia politika sendorik. Badago legea, baina ez da bete. Lidergoa hartuko duen erakunde bat nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu