Familien babesa handitzeko dekretu bat onartu du Espainiako Gobernuak

Guraso bakarreko familien, desgaitasunen bat duten gurasoen familien eta lau ume dituztenen bizimodua hobetzeko neurriak dira.

Haurrak jolasean, artxiboko irudi batean. BERRIA
Haurrak jolasean, artxiboko irudi batean. BERRIA
arantxa iraola
2026ko azaroaren 10a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hauteskunde kanpainaren atarian, Espainiako Gobernuak ministro kontseilua egin du gaur, eta, besteak beste, familiak babesteko dekretu bat onartu dute. Guraso bakarreko familiak babestea izango da helburuetako bat, eta horien beharrak aintzatestea; hala, familia ugariek izaten dituzten onurak izango dituzte bi ume baino gehiago dituzten guraso bakarreko familiek. Laguntza horiek izango dituzte, halaber, desgaitasunen bat duten gurasoen familiek; gurasoetako batek %33 baino desgaitasun handiagoa badu, eman egingo zaizkie. Lau ume dituzten familien babesa ere handitu egingo dute. 

Espainiako Gobernuko agintariek aurreratu dute dekretu horren bidez 760.000 familiak aparteko babesa izango dutela. Familientzako lege orokorrago bat egin nahi zuten, baina aski babes ez zuten lortu hura aurrera ateratzeko, eta orain, dekretu honen bidez, han jasotako hainbat proposamen ezartzeko bidea ireki dute. Bertan jasotakoak konplitzeko urtean 820 milioi euro beharko direla aurreratu dute.

Gobernuko iturrien arabera, egun autonomia erkidego denek ez dituzte bateratuak familientzako neurriak, eta, dekretu honen bidez, irizpide komun batzuk ezarri nahi izan dituzte. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, iazko abenduaren 2an onartu zuen guraso bakarreko familien araubidea. Nafarroan ere aintzatesten ditu legeak. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA