Faxismoaren aurka indar aurrerakoiak batzeko deia

EH Bilduk, Podemosek, Ezker-Anitza-IUk, Equo Berdeek eta Sumarrek elkarretaratze bateratua egin dute Gasteizen, Espainian «prozesu herrikoi eta demokratikoa» abia dadila eskatzeko. Eskuin muturraren aurka agertu, eta demokraziaren balioak goretsi dituzte.

Faxismoaren aurkako elkarretaratzea, gGasteizko katedral berriaren aurrean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Arabako ordezkariak bildu dira Gasteizko katedral berriaren aurrean egin duten elkarretaratzean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2025eko uztailaren 18a
20:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Eskuin muturraren oldarraldi betean, indarrak batzeko deia egin dute ezkerreko alderdi politikoek, «demokraziaren balioei» eusteko eta faxismoaren aurka egiteko. EH Bilduk, Podemos Euskadik, Ezker Anitza-IUk, Equo Berdeek eta Sumar Mugimenduak elkarretaratze bateratua egin dute gaur iluntzean Gasteizen, Contra la impunidad franquista, Errepublikak eraiki lelopean, eta errepublikaren aldeko eta izaera plurinazionaleko bloke historiko aurrerakoi eta antifaxista bat eratzea galdegin dute.

Espainiako II. Errepublikaren aurkako altxamendu militarra gertatu zela 89 urte bete izana baliatu dute protesta egiteko. Gasteizko katedral berriaren aurrean egin duten elkarretaratzean, altxamendu hura gaitzetsi dute, eta eskatu dute errepublikaren aldeko «prozesu herrikoi eta demokratikoa» abiaraztea, zeinak helburu izango duen Espainiako botere egiturak «demokratizatzea» eta «zigorgabetasunaren eta ustelkeriaren aurka egitea», besteak beste.

Izan ere, ezkerreko indarrek gogorarazi dute 1978an ez zela hautsi erregimen frankistarekin, eta ez zela estatuko erakunde eta botereen demokratizazio prozesurik egon, zenbaitzuek hori sinetsarazi nahi badute ere. «Horrek ustelkeria sistemikoa utzi du oinordetzan», nabarmendu dute protestaren amaieran irakurri duten manifestuan. Eta zera erantsi dute: «Horri esker, botere politikoak, ekonomikoak, judizialak eta komunikabideetako elite oligarkiko eta ustelek ez dute erantzukizunik argitu, eta ez dute kalte ordainik eman behar izan».

Bada, 1978an martxan jarritako sistema politikoa gainditzea eta beste aro politiko bat abiatzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute, hala egin ezean ezinezkoa izango delako eraberritze demokratikoa gauzatzea. Izan ere, adierazi dute «frankismoaren oinordetzako botere faktikoek» indarrak metatu dituztela sistemari eusteko eta estatua demokratizatzeko aukera orori «atea ixteko». 

Fase aldaketa hori egiteko, indarrak batzeko deia egin dute, pausoal elkarrekin emateko, alegia. Eta zehaztu dute prozesu horrek Espainiaren errealitate plurinazionala aitortu beharko lukeela, gutxiengoak errespetatuz, herritarren askatasuna eta eskubideak bermatuz, eta Espainiako eta Europako fronte antifaxista bat artikulatuz, «herri klasearentzat erabateko alternatiba demokratiko eta ilusio pizgarria sortzeko». 

Botika onena, balioak

Era berean, demokraziaren aldeko balioak ere goraipatu dituzte, eta herritarrei dei egin diete «elikatu eta babestu» ditzaten. Balio horiek dira, besteak beste, berdintasuna, justizia, elkartasuna, feminismoa eta aniztasuna. Gogora ekarri dute herritarren lanaren eta borroka sozial, sindikal eta politikoaren bidez errotu direla balio horiek imajinario kolektiboan, eta horri esker iraun dutela gaurdaino. 

Eta, hain zuzen ere, ziurtatu dute balio horiei dagokien garrantzia ematea eta ororen gainetik lehenestea dela «antidotorik onena» eskuin muturreko taldeak mundu osoan zabaltzen ari diren arrazakeriaren eta jarrera antidemokratikoaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.