Faxismoaren aurka mobilizatuko da Ernai irailaren 13an, Donostian

'Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez' lelopean egingo dute manifestazioa. Gazte antolakundearen esanetan, faxismoaren jomugan dago Euskal Herria, eta alternatiba baten alde indar egin behar da: «Euskal Herria irabazteko ordua delako».

Ernaik 2024ko irailean egindako manifestazioa, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ernaik 2024ko irailean egindako manifestazioa, Donostian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko ekainaren 11
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udako kanpaina abiatu, eta irailaren 13an Donostian mobilizatzeko deia egin du Ernaik. Euskal Herria irabaztera! Faxismoari ez lelopean egingo dute. Hain zuzen, aldarri hori daramaten oihalak zabaldu dituzte Euskal Herriko zenbait txokotan, hala nola Donostian bertan eta Bardeako natur parkean. Gazte antolakundearen ustez, «garai erabakigarria» da, eta Euskal Herriak badu zeresana: «Garaiak eskatzen duen neurriko bultzada emateko, ikasturte hasiera honetan mobilizatzea garrantzitsua da».

Nazioarteko egoerari erreparatu dio Ernaik. «Kapitalismoaren sakoneko krisialdi batean murgilduta gaude, eta gauzak abiadura bizian aldatzen ari dira», adierazi dute bideo batean, eta gehitu «aterabide baztertzaile eta atzerakoiak» indar hartzen ari direla. Horien xedea da «sistema kapitalistaren bertsio basatiago eta autoritarioago bati» bide ematea, antolakundearen hitzetan.

Horrekin zuzenean lotu dituzte «diskurtso erreakzionario eta faxistak», eta zehaztu Euskal Herrian «aurpegi ezagunak» dituela joera horrek: «Espainolismo eta jakobinismo erreakzionarioak». Izan ere, uste dute Euskal Herria bera horien jopuntuan dagoela, badirelako bertan «zapalkuntzarik gabeko herri bat eraikitzeko aukerak».

Hain zuzen, bide horretan indar egin nahi du Ernaik, eta konpromisoa hartu du «Euskal Herria askatasunera eraman eta Euskal Herriko gazte oro duintasunez bizitzeko» lan egiteko. Horretarako, beharrezkotzat jo dute gizartea mobilizatzea, eta xede hori izango du iraileko manifestazioak: «Garaiak borroka eskatzen du, faxismoari ezetz esateko, baina bereziki Euskal Herria irabazteko ordua delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE