Harreman «adeitsua» du PPk EAJrekin, Alberto Nuñez Feijoo PPko presidenteak adierazi duenez. Europa Press berri agentziak egindako elkarrizketa batean hizpide izan du jeltzaleekin duten harremana, eta zenbait gaitan gertu daudela iradoki du. Bi alderdiek azken urteetan eta, batez ere, Pablo Casado PPko zuzendari ohia alderdiaren buru izan zen bitartean izan zuten harremana aldatu nahi duela erakutsi du Feijook, Espainiako hauteskunde orokorretarako urtebete inguru falta den honetan. Alde horretatik, aurreratu du Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin bilduko dela: «Irailetik aurrera hitz egitekotan geratu gara».
Pedro Sanchez Espainiako presidente izatea ekarri zuen zentsura mozioa babestuta, EAJ «erratu» egin zen, Feijooren esanetan: «Eta EAJk badaki hori». Hala ere, «elkarrizketa» berrartzeko asmoa agertu du, hauteskundeetan begia jarrita. Izan ere, inkestek emaitza onak aurreikusten dizkiote Feijooren PPri, baina espero izatekoa da beste indar politiko batzuen babesa beharko duela gehiengo osoa lortzeko. Feijook alderdiaren lema hartu duenetik, ez dio aterik itxi Voxen beharrik izan gabe aliantzak egiteari. Ildo horretan, urte politiko berrian EH Bildu ez gainerako alderdi guztiekin bilerak egiteko asmoa du.
Feijook argudiatu du «urte askotan» harreman ona izan duela Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta, gainera, bi gobernuek batera antolatu zituztela 2012ko, 2016ko eta 2020ko hauteskundeak. Horregatik, besteak beste, EAJ «ezagutzen» dutela esan du Feijook, gauza batzuetan bat egiten dutela harekin, eta beste batzuetan ez: «Ez gatoz bat EAJren estatu ereduarekin eta planteamendu nazionalistarekin; bai, aldiz, politika ekonomiko, industria politika eta gizarte ongizateko politika askorekin».