AEB Ameriketako Estatu Batuetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak 1980ko hamarraldiko gerra zikina ikertu zuen, eta, desklasifikatu berri dituzten dokumentuen arabera, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburuak ontzat eman zuen GAL Askapenerako Talde Antiterroristen sorrera, Espainiako La Razón egunkariak argitara eman duenez. «Gonzalezek adostu du mertzenarioen talde bat eratzea terroristei legez kanpo aurre egiteko», ageri da CIAren ezkutuko artxiboko dokumentu batean.
Egunkariak zabaldu duenez, desklasifikatutako testuen artean bada Espainia: euskal terrorismoa eta gobernuaren erantzuna izeneko txosten bat, eta gaiaren gaineko balorazio bat egin zuten han. «Espainiako Gobernuak aurrerapauso nabarmenak eman ditu ETAren aurkako borrokan azken bi urteetan, eta laster lortuko du euskal erakunde terroristaren muina bukatzea», jaso zuten han.
Gonzalezen gobernuaren erabakitasuna nabarmendu zuten, «oso ortodoxoa ez den estrategia bat» abiatzeraino. «Mertzenarioek ez dute zertan espainiarrak izan, eta haien egitekoa izango da ETAko buruak hiltzea Espainian eta Frantzian».
La Razón-ek adierazi du CIAk beste dokumentu batean idatzi zuela ETAren aurka legez kanpo arituak zirela lehenagotik ere. Anti Terrorismo ETA, Triple A eta Batallon Vasco Español taldeak aipatu zituzten oin ohar batean.