Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxea eraisten saiatu eta astebetera, jendetza elkartu da Gipuzkoako hiriburuan gaztetxeari eustearen alde. Erresistentziaz eta autogestioaz, Kortxoenea bizirik lelopean abiatu da martxa Bulebarretik, 17:30ean, eta Kortxoeneraino joan dira festa giroan. Bidean, Ze Esatek taldeak girotu du mobilizazioa, kamioi baten gainetik jota, eta salatu dute Donostian 11.000 etxebizitza hutsik daudelarik bota nahi dutela gaztetxea.
Aurretik, Mursego eta Physis Versus Nomosen arteko emankizun berezia egingo dute, 15:00etan hasita, gaztetxean. Biharko, berriz, Parte Zaharretik gaztetxera arteko kalejira prestatu dute, 15:00etan. Bi ordu geroago, 17:00etan, punta-puntako kontzertuez gozatzeko parada egongo da: Fermin Muguruza eta Bad Sound System ariko dira.
Kulturgileen babesa
Idazleak, musikariak, bertsolariak, zinemagileak, aktoreak, antzezleak... Horiek guztiak eta gehiago bildu ditu azken bost urteotan gaztetxeak. Ehunka kulturgileren topagune izan da, eta nekez kalkula daiteke sozialki, kulturalki edota ekonomikoki hiriari eman diona. Hortik abiatuta, euskal kulturgintzan ari diren dozenaka lagunek indarrak metatu dituzte gaztetxearen alde, eta sostengua agertu diote, hura eraisteko saioa salatzeaz gain. "Ez da erraza aurkitzen halako aberastasuna izan duen kulturgune bat Donostian: intereseko espazioak sortzeko bertute ezohikoa izan du", adierazi du Maite Arroitajauregi Mursego musikariak.
Udaletxearen atarian eginiko agerraldian, Kortxoeneak elkartu gaitu manifestua aurkeztu dute, eta udalari "adeitasunez" eskatu diote berma dezala gaztetxearen iraupena. "Ika-mika alderdikoiez harago, Donostiako kulturaren zati handia dugu jokoan; galtzen direnean faltsesten diren egitasmo horietako bat". Orotara, 77 lagunek eman diote atxikimendua gaztetxeari; besteak beste, Koldo Izagirre, Fermin Muguruza, Anari, Mursego, Beñat Sarasola, Joseba Tapia, Txan magoa, Eneko Olasagasti eta Juanba Berasategi daude sinatzaileen artean. Sarasolak esplikatu du egitasmoaren zergatia: "Boluntario lanean oinarriturik, guztion ongia baino ez du bilatu Kortxoeneak".
Donostia 2016aren testuinguruan kokatu dute arazoa. Iragan astean gunea botatzeko eginiko ahalegina hiriburutzaren bezperan izanda, harekiko zalantzak "areagotu" besterik ez direla egiten gaztigatu dute kulturgileek, eta azpimarratu hiri kulturalak ere Kortxoenea bezalako espazioak dituela beharrezko. "Konbentzituta gaude".