Filosofia ez dadila hautazko ikasgaia izan eskatu dute hainbat irakaslek

Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du Agora filosofia irakasleen elkarteak, ez duelako bere ahalmen guztia erabili egoera aldatzeko

aitor biain
Gasteiz
2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Filosofiaren Historia derrigorrezko ikasgaia da egun Batxilergoko bigarren mailako ikasleentzat, baina hautazkoa izango da datorren ikasturtetik aurrera, LOMCE eta Heziberri hezkuntza erreformen ondorioz. Bada, hainbat irakasle ez daude ados aldaketa horrekin, eta aurrerantzean ere derrigorrezkoa izan dadila eskatu du, besteak beste, filosofiako 60 bat irakasle biltzen dituen Agora elkarteak. «Autonomian, gaitasun kritikoan eta autoezagutzan aurrera joan nahi duen gizarte batek ezin du inola ere filosofia galdu».

Hain zuzen, aurtengo selektibitateko filosofia azterketaren ordu berean egin zuten salaketa Agora elkarteko irakasleek, atzo, EHUren Arabako campusean. Gogor kritikatu zuten Eusko Jaurlaritzaren jarrera, haien ustetan, ez baitu bere ahalmen guztia erabili egoera aldatzeko, beste autonomia erkidegoek egin duten bezala. «Jaurlaritzak, hasieran, LOMCErekiko aurkakotasuna agertu bazuen ere, harrigarria iruditzen zaigu nola Heziberri plana, aspektu batzuetan, LOMCE bera baino harago doan. Kasurako, filosofiaren murrizketa hau», nabarmendu zuen Oihana Ameskua bozeramaileak.

Halaber, Jaurlaritzaren hezkuntza erreforma «LOMCErenezarpen kamuflatua» dela adierazi dute, eta bi hezkuntza planek bultzatzen duten norabidea auzitan jarri. «Erreforma plan hauek, gehienbat, gaitasun zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituen hezkuntza eredua kontenplatu nahi dute, eta sormen arloak edo kritikoak alboratu», esan du Ameskuak.

Ildo horretan, azpimarratu dute filosofia ez dela «kaltetua» izango den jakintzagai bakarra, «baizik eta, aspaldi, beste irakasgai batzuekin hasitako ildoa sakontzea» dakarrela: «Sormen artistikoa, gorputz hezkuntza... giza zientziei eragiten die, oro har». Hain zuzen, filosofiaren kaltetan erlijioak jasoko dituen orduak gaitzetsi zituzten.

Filosofiak ikasleen heziketan duen balioa aldarrikatu dute Agora elkarteko irakasleek. «Lan munduan txertatzean ez ezik, pertsona horiek nortasun autonomo kritiko eta gogoetatsua garatzeko ezinbestekoak dira filosofiako edukiak». Bada, egoera aldatzeko beren esku dagoen guztia egingo dutela adierazi dute. «Ez gaude prest filosofia gure eskola eta ikastetxeetako ganbara ahaztuetan utz dezaten», ohartarazi du Ameskuak.

Protesta, errespetatu

Aurtengo selektibitateko probei dagokionez, hainbat irakaslek filosofiako azterketak ez zuzentzeko iragarri duten protestaren harira, Agora elkarteko kideek adierazi dute erabakia errespetatzen dutela, nahiz eta ez egon ados: «Guk elkarte moduan ez dugu hori bereziki babestu; bakoitzaren askatasun ariketa bat bezala utzi dugu». Nolanahi ere, argitu dute ez dela arazorik egongo filosofiako azterketak zuzentzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.