Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak ez dute «arrazoirik aurkitu» Amaiurren zerrendak Auzitegi Gorenean inpugnatzeko, eta, beraz, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak osatutako koalizioak ez du auzitegietan defenditu beharrik izango datorren azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkezteko eskubidea.
Horrela hedatu zuten atzo hainbat Espainiako berri agentziek, Fiskaltzaren eta Estatuaren Abokatuaren iturriak aipatuta. Iturri horien arabera, Amaiurren zerrendak osatzen dituzten pertsonak ikertzen jarraitzen badute ere, «hasieratik beretik itxaropen gutxi zeukaten koalizioa legez kanpo uzteko aukerari buruz».
Atzo argitaratu ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako aurkeztu diren alderdi eta koalizioen zerrendak, eta bai Fiskaltzak eta bai Estatuaren Abokatuak ere gaurtik urriaren 27a bitarteko epea edukiko lukete zerrenden aurka ekiteko.
Bilduren aurrekaria
Iturri horiek agentziei adierazitakoaren arabera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bildu legezkoa zela ebatzi izanak «ateak ia erabat itxita utzi zizkion ezker abertzaleari oraingo bozetan bidea ixteko aukerari».
«Froga gehiago zeuden Bilduren aurka ekiteko», diote, eta Amaiurren Aralar ere sartu izanak «aurkitu zitezkeen ilegaltasun zantzu apur horiek gehiago ahuldu ditu».
Amaiurrek aurkeztu zerrenden lehen postuetan «ezker abertzaleko jendea» dagoela diote iturriek aipatu Espainiako polizien eta guardia zibilen txostenek, «baina ez zerrenden inpugnazioa bultzatzeko ehuneko nahikoan».
Polizia txostenak Fiskaltzaren esku daude hilaren erdialdetik. Agentziek diotenez, Guardia Zibilak hautagai guztien fitxak egin ditu «bakoitzaren historialarekin». Espainiako Poliziak, aldiz, «hautagai batzuek legez kanporatutako alderdiekin dituzten balizko loturak testuinguruan kokatzeari eman dio garrantzia».
ETAren jardun armatuaren amaiera
Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak ez dute Amaiurren aurka egingo
«Koalizioa legez kanpo uzteko arrazoirik aurkitzeko itxaropen gutxi» izan dute hasieratik beretik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu