konponbideari begira

Foro Sozialak Euskal Herriko "bake prozesuaren" eredua azaldu du NBEn

Genevako Bakearen Astean parte hartu du, Nazio Batuen Erakundeak gonbidatuta. Gizarte zibilak izandako garrantziaren berri eman du.

Genevako Bakearen Astearen gaurko saioetako bat.
2019ko azaroaren 5a
09:26
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak Genevako (Suitza) Bakearen Astean parte hartu du gaur, NBE Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian izandako konferentzia batean, eta "euskal bake prozesuaren testuinguruan gizarte zibilak izan duen garrantzia" azaldu du. NBEren Garapenerako Programak urtero antolatzen duen ekinbidea da Bakearen Astea. Tasio Arrizabalaga mintzatu da Foro Sozialaren izenean.

Konferentziako hizketagai nagusia, foroaren esanetan, euskal gatazkaren ondorioen konponbide prozesu "berezia eta bakarra" izan da, eta nazioarteko hainbat adituren interesa piztu du. Hizpide izan dituzte prozesuan izandako aurrerapen garrantzitsuak ("ETAren armagabetze zibila eta desmobilizazioa; biktimen aitortzarako aurrerapausoak..."), baita etorkizuneko xedeak ere ("preso eta iheslarien berrintegrazio efektiboa; orotariko biolentziak jasandako biktimen aitortza osoa; eta memoria kritiko, bateratzaile eta poliedrikoaren eraikuntza, posible egingo duena berradiskidetzea").

Nazioarteko adituek adierazi dute etorkizuneko gizarte mota berrien elkarbizitza posible izan dadin beharrezkoa izango dela indarkeriari, bazterkeriari eta segurtasunik ezari erantzun berritzaileak ematea. Hala, NBEk aurten Foro Sozial Iraunkorra gonbidatu du Euskal Herriko esperientzia azaltzeko. Arrizabalaga aritu den mahai inguruaren leloa hau izan da: Bidaiak bakerantz: borrokalari ohien berrintegrazioa Europan eta beste hainbat lurraldetan.

Foro Soziala lehen ere parte hartua da nazioarteko beste topaketa batzuetan, berak sustatzen duen DDR eredua azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.