Foro Sozialaren arabera, Euskal Herria «bakea eraikitzeko prozesuan» dago

Aieteko bilkuraren hamargarren urteurrenean eginiko topaketetako ekarpenak liburu batean jaso dituzte. Spektorowskiren iritziz, «kontakizun aniztasuna» gailenduko da

Alberto Spektorowski eta Agus Hernan, liburua aurkezteko ekitaldian, atzo. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Duela urtebete, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bideak jardunaldi batzuk egin zituzten Aieteko Konferentzia egin zenetik hamar urte bete zirela eta. Orain, saio haietan esandakoak bildu dituzte Aietek 10 urte. Ikaskuntzak eta erronkak izeneko liburuan. Aurkezpenean, egungo egoera aztertu du Foro Sozialeko eledun Agus Hernanek, eta adierazi du gaur egun Euskal Herrian ez dagoela «bake prozesurik» nazioarteko estandarren arabera, baina Euskal Herria «bakea eraikitzeko prozesuan» dagoela. Halaber, erantsi du urteurrenak agerian utzi zuela estatuaren biktimek pairatzen duten «tratamendu asimetrikoa».

Duela urtebete egindako jardunaldien garrantzia nabarmendu du Hernanek: han egindako ekarpenengatik ez ezik, horren inguruan gauzatu ziren zenbait mugimendu eta adierazpenengatik ere. Antolatutako ekitaldietan islatu zen «aniztasun politikoa», ezker independentistaren adierazpena, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak eta Maria Jauregi ETAren biktimak esandakoak, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak presoei egiten zitzaizkien harreren inguruan hartutako erabakia, eta beste zenbait aipatu ditu Hernanek.

Egungo egoerari dagokionez, Foro Sozialak uste du bake prozesu guztietan ohikoak izaten diren estandarrak, hots, armagabetzea, desmobilizazioa eta berrintegrazioa, errespetatzen ari direla Euskal Herrian ere, Espainiak estandar horiek aintzat hartzen ez dituen arren.

Foroaren ustez, Euskal Herrian «prozesu bakarra» dago, hori hiru esparru administratiboetan, hau da, EAEn, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, modu desberdinean garatu arren. Nabarmendu du Hego eta Ipar Euskal Herrian egindako urratsek «elkar elikatzen» dutela: «Lehen, Bakegileen eta Frantziako Gobernuaren arteko harremanak Madrilen jarrera politikoa aldatzen lagundu zuen; orain, alderantziz gertatu da», esan du Hernanek.

Foroaren aburuz, urteurrenak «palanka efektua» izan zuen duela urtebete: biktimak konponbidearen erdibidean jarri, eta agerian utzi zuen estatuaren biktimek pairatzen duten «tratamendu asimetrikoa»; espetxe politikaren aldaketa bultzatu zuen; eta lagundu zuen «kontakizunaren bataila krispazioaren esparrutik ateratzen, memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko esparrura igarotzen laguntzeko».

Spektorowskiren ekarpena

HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide ohi Alberto Spektorowskik ere parte hartu du aurkezpenean, eta HNTren ibilbidearen laburpena egin du. Esan duenez, talde horretan parte hartu zuten nazioarteko adituek «kanpoko ikuspegia» zuten, eta eginkizunari lotu zitzaizkionean argi zuten zein zen helburua: indarkeria amaitzea eta horrekin Euskal Herrian «bakea eta demokratizazioa» sustatzea. Eginkizun «zaila» izan zen, eta oztopoz beterikoa: adibidez, Spektorowskik gogorarazi du Baionako polizia etxean deklaratu behar izan zutela, prozesua sustatzeko egiten ari ziren lana zela eta.

Eragileen jarrera ere gogoratu du Spektorowskik: esan duenez, harremana izan zuten Espainiako Gobernuko orduko Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabaren taldekideekin, eta harreman hori «zaila» izan zen, Espainiako Gobernuak ez baitzuen onartzen Harremanetarako Taldea mintzakidetzat, eta «bidezko amorrua» baitzuten aurreko ahaleginek porrot egin zutela ikusita: «Halere, prozesua ez oztopatzea erabaki zuten, eta abagune horretan oztopoak ez jartzea modu bat zen prozesuari laguntzeko». PPk agintea eskuratu izanak gauzak arras aldatu zituen, eta, geroztik, blokeoa «erabatekoa» izan zen.

Euskal eragileez, esan du EAJk eta ezker independentistak «oso jarrera ideologiko desberdinak» zituztela, baina jakin zutela prozesua bultzatzen. Bi eragileoi eskerrak eman dizkie Spektorowskik: EAJri dagokionez, Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Jonan Fernandez aipatu ditu beren-beregi, eta ezker independentistan, berriz, Arnaldo Otegi, Urko Aiartza eta Jon Iñarritu. Urkulluri buruz, nabarmendu du «borrokalari nekaezina» izan zela eta prozesua sustatu zuela, «horren ondorioz ordaindu beharreko prezio politikoaren jakitun» izanik.

Etorkizunaz, berriz, Spektorowskik esan du «kontakizunen aniztasuna» gailenduko dela, kontakizun bakarraren kaltetan, eta horrek ez duela zertan txarra izan «alde guztiek onartzen dituzten arauak egonez gero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.