Onartu zutenetik urte eta erdi igarota, polemika iturri da merezimenduen dekretu deiturikoa. Gaur, ELA sindikatuak agerraldia egin du Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean, salatzeko dekretu horren ondorioz euskararen balorazioa «hutsaren hurrengoa» dela Foruzaingoan. «Euskara meritutzat izanen duten lanpostuak zehazteko garaian, dekretu horrek tarte zabala ematen dio departamentu bakoitzari interpretazio murriztaileak eta arbitrarioak egiteko», azaldu du Izai Bujanda ELAko ordezkariak. Are: sindikatuaren irudiko, arauak ez du heldulekurik eskaintzen euskara aintzat hartuko duten postuen «gutxieneko kopuru bat» ezartzeko ere. Foruzaingoari dagokionez, kopuru hori «oso bazterrekoa» dela uste du ELAk.
Ikusi gehiago
Bujandak esplikatu duenez, 1.200 foruzain postu daude guztira, baina euskara, modu espezifikoan, lau postutan bakarrik baloratuko da: «Hizkuntzen ezagutza kontuan izanen dute 314 lanpostutan. Horietatik 120 postutan aintzat hartuko dituzte ingelesa, frantsesa eta alemana, baina ez euskara. Gainerako 190 postuetan, berriz, euskara baloratuko da, baina ez era espezifikoan, baizik eta ingelesarekin, frantsesarekin eta alemanarekin batera. Horrek esan nahi du hizkuntzak puntuagai diren postuen %38,22tan ez dutela aintzat hartuko euskara. Euskara beste hizkuntza komunitarioekin batera balioetsiko dute Foruzaingoko postu guztien %15,83tan. Aldiz, euskara modu espezifikoan puntuatuko dute soilik postuen %0,33tan».
Egoera «tamalgarria» dela uste du Bujandak, eta, horregatik, merezimenduen dekretua eta Euskararen Legea bera alboratu eta beste arau bat onar dezan galdegin dio gobernuari: «Zerbitzu publikoak jatorriko hizkuntzetan emateak ez luke departamentu bakoitzaren borondate politikoaren mende egon behar. Nafarroako herritarren eskubideak blindatu beharko lirateke lege bidez, eta hori gertatzen ez den bitartean, beste dekretu baten bidez».