Espainiako Senatuan zenbait politikariren irudiak daude, eta horien artean Manuel Fraga Iribarnerena ere badago. Espainiako Gobernazio ministro eta Aliantza Popularreko buru izandakoaren bustoa eraikin hartatik kanpo nahi dute, ordea, hainbat senatarik, «errepresioari» lotutako politikari baten «inpunitatearen sinbolo» delako. Besteak beste, 1976ko martxoaren 3ko sarraskian izan zuen rola gogoratu dute eskatzaileek.
Euskal Herriko hiru talde abertzaleak daude Senatuari egindako eskakizunaren atzean: EH Bildu, EAJ eta Geroa Bai. Eta horiekin batera, honako alderdi hauetako ordezkariak: JxC, ERC, BNG, Compromis, Mas Madrid, Gomerako Talde Sozialista eta Pitiusetako —Eivissa eta Formentera (Herrialde Katalanak)— senataria. Denek uste dute Fragaren bustoa dagoen lekuan uztea 2022ko Memoria Demokratikorako legearen eta egia, justizia eta erreparazioa eskuratzeko helburuaren aurkakoa dela.
EH Bilduk salatu du erakunde demokratiko batek ezin duela «errepresioari lotutako arduradun politikoen aitortza publikorik egin», eta ondorioz, Fragari halako aitortza egitea «botere publikoek beren gain hartu behar duten memoria betebeharraren» kontrakoa dela.Â
EAJk, berriz, egoera «iraingarritzat» du: «Erakunde demokratiko batek ezin du zigorgabetasuneko sinbolorik normalizatu, ezta errepresioarekin lotutako arduradun politikoei errekonozimendu publikoa proiektatu ere».
Fragak 1976ko martxoaren 3ko sarraskiarekin izandako lotura nabarmendu dute alderdiek. «Fraga Iribarne zen ordena publikoko indarrean ardura zuen ministroa», gogoratu dute. Hain zuzen, 1975eko abenduan hartu zuen bere gain Barne Gaietarako Bigarren Presidenteordetza, Carlos Arias Navarroren gobernuan. Aurrez, Informazio ministro (1962-1969) ere izan zen, Francisco Franco diktadorearen aginduetara.
Ez da Fragaren bustoa Senatutik kentzeko eskatzen den lehen aldia. EH Bildu saiatu zen 2023an. Orduan, jeltzaleen babesa izan zuen, baina PPk eta PSOEk ganbera hartako Mahaian zuten gehiengoak atzera bota zuen eskaera. Argudiatu zuten Espainiako trantsizioan eta senatari lanetan egindako lanagatik jarri zela hura; bost urte egin zituen ganbera hartan, 2006tik 2011ra. Bere ibilbide politikoaren amaieran izan zen, Galiziako Parlamentuak aukeratuta.
Aste honetan Senatuan 1976ko martxoaren 3ko sarraskia hizpide duten bigarren aldia da. Aurrez, EH Bilduko senatari Gorka Elejabarrietak Espainiako Memoria Demokratikora ministro Angel Victor Torresi eskatu zion urratsak egin ditzala Espainiako Estatuak jazoera hartan izandako arduraren aitortza egiteko. Horrekin batera, ikerketa ofizial bat abiatzeko eta auziaren inguruko artxiboak desklasifikatzeko ere exijitu zion. Ministroak, baina, izkin egin zion erantzukizuna estatuaren gain jartzeari.