Madrilek izkin egin dio Martxoaren 3ko sarraskiaren erantzukizuna Espainiako Estatuaren gain jartzeari

EH Bilduko Gorka Elejabarrietak Espainiako Senatuan galdetu du Sanchezen gobernuak noiz hasiko duen ikerketa bat Espainiako Estatuak M-3ko sarraskian izandako rola aztertzeko. Angel Victor Torres ministroak Memoria Demokratikoaren Legeari erreparatu dio.

EH Bilduko senatari Gorka Elejabarrieta, atzo, ministroari galdezka. MARISCAL / EFE
EH Bilduko senatari Gorka Elejabarrieta, atzo, ministroari galdezka. MARISCAL / EFE
xabier martin
2026ko otsailaren 17a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hemen benetako sarraski bat egon da, benetako sarraski bat». Hala aitortu zuen Espainiako Poliziak kideen arteko komunikazioetan, 1976ko martxoaren 3an, 4.000 langile inguru batzartuta zeuden San Frantzisko eliza husteko operazioa bukatzean, Gasteizen. EH Bilduko senatari Gorka Elejabarrietak horrelaxe gogorarazi dio Espainiako Memoria Demokratikoko ministro Angel Victor Torresi, galdera bat egin dionean: «Noizko gobernuaren ikerketa bat Espainiako Estatuak sarraski horretan jokatutako rolari buruz? Noiz zabalduko dituzue artxiboak egia jakin dadin? Noiz hartuko du bere gain estatuak Martxoaren 3an izandako erantzukizunak?».

Elejabarrietak gogoratu du Pedro Sanchezen gobernuak 2024an barkamena eskatu ziola Mexikori Amerikako indigenekin egindako sarraskiak zirela eta. EH Bilduri ondo iruditzen zaio hori egin izana, baina ezin du ulertu Espaniako Gobernuak «Errege-Erregina Katolikoen garaietara» atzera egitea, Espainiako Estatuak izandako erantzukizuna aitortzeko, eta 1976an gertatutako sarraskiaren inguruan, berriz, ikerketa ofizialik ez egitea.

«Manuel Fraga ministro frankistak garbi esan zuen sarraski hori lezio bat izango zela denentzat; justizia orain egin behar da»

GORKA ELEJABARRIETA EH Bilduko senataria

«Manuel Fraga ministro frankistak garbi esan zuen sarraski hori lezio bat izango zela denentzat», azaldu du Elejabarrietak, Fragak abiarazi zuen AP alderdiaren ondorengoen aurrean, hau da, PPko senatarien aurrean. «50 urte joan dira, artxiboak itxita daude oraindik, eta estatuak ez du aitorpenik egin gertatutakoaz», jarraitu du. «Justizia orain» egin behar dela esan dio ministroari, eta bost langile hil zituztela gogoratu.

Eliza, memoria leku

Angel Victor Torres ministroaren erantzunak argi utzi du gaur-gaurkoz Madrilek ez duela asmorik Martxoaren 3ko gertakariei buruz ikerketa bat abiarazi eta Espainiako Estatuak izandako erantzukizunak onartzeko. Pedro Sanchezen gobernuak Memoria Demokratikoaren Legea egin zuela gogoratu du Torresek, eta, horren bidez, Zaramagako elizako biktimak aitortzeko bidea zabaldu zutela. «Hitzeman nuen Gasteizen egongo nintzela Martxoaren 3ko biktimen aldeko ekitaldian, eta 2024an joan nintzen. Aurten ere han egongo naiz», iragarri du Torresek.

«Hitzeman nuen Gasteizen egongo nintzela Martxoaren 3ko biktimen aldeko ekitaldian, eta 2024an joan nintzen»

ANGEL VICTOR TORRES Memoria Demokratikoko Espainiako ministroa

Elejabarrietari gogorarazi dio Espainiako Gobernuak 600.000 euro jarri dituela Gasteizko San Frantzisko elizako proiektua gauzatu eta memoria zentro bihurtzeko; gainera, azpimarratu du Madrilek memoria leku izendatuko duela aurki eliza bera, Martxoaren 3ko gertakariak direla eta.

Halaber, Madrilgo gobernuak esana dauka Martxoaren 3an «Poliziaren jazarpen izugarria» izan zela «langileen aurka»; hala helarazi du Torresek. Beraz, biktimak aitortu eta memoria lekua sustatu eta lagundu bai, baina Madrilek ez du ikerketarik abiaraziko Espainiako Estatuak Martxoaren 3ko gertakarietan izandako erantzukizuna agerian uzteko.

Izan ere, orduko informazio ofizial asko sekretupean daude oraindik, eta Sanchezen gobernuak Ministro Kontseiluan abian jarri bazuen ere Sekretu Ofizialen Legea egiteko prozesua, «Kongresuan akordioak egiteko zain» daude oraindik, Torresek esan duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.