Hilberria

Francisco Letamendia 'Ortzi' hil da, ezker abertzaleko militante historikoa

Abokatua, idazlea, irakaslea eta politikaria, Euskadiko Ezkerrako eta Herri Batasunako diputatu izan zen Madrilen. Euskal Herriko historiari buruzko hamaika lan ditu argitaratuak.

Francisco Letamendia 'Ortzi', 2012. urtean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Francisco Letamendia 'Ortzi', 2012. urtean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2026ko apirilaren 26a
10:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atzo Francisco Letamendia Belzunze Ortzi (Donostia, 1944 - Bilbo, 2026) ezker abertzaleko militante historikoa hil zen, 82 urte zituela, Bilboko erietxe batean. Zuzenbidea ikasitakoa, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, politikagintzan aritu zen trantsizio garaian, eta Euskal Herriko historiari buruzko hamaika lan ere baditu argitaratuak. 

Letamendia Donostian jaio zen, 1944an, eta hiru jardueratan nabarmendu zen; abokatu lehenbizi, politikari ondoren, eta hamarkadetan zehar irakasle. Zuzenbide ikasketak eginda, Burgosko prozesuan auzipetutako euskal herritarren abokatuetako bat izan zen 1970ean, baina Parisera jo behar izan zuen gero, ihesean. 

Francisco Franco diktadorea hil ondoren zabaldutako ziklo politikoan egin zuen jauzi instituzioetara. 1977an, Euskadiko Ezkerraren zerrendetan aurkeztuta, diputatu aukeratu zuten Espainiako Kongresurako, eta bete-betean bizi izan zuen Espainiako Konstituzioa osatzeko prozesua. Autodeterminazioa konstituzioan txertatzea proposatu zuen, Espainiaren zatiezintasuna aldarrikatzen duen artikuluaren aurrean beste proposamen bat eginda: «Konstituzioa Espainiako Estatuaren nazioaniztasunean oinarritzen da, bere herrien arteko elkartasunean, erregioen eta nazioen autonomiarako eskubidean eta azken horien autodeterminazio eskubidean». Ez zen aurrera atera.

Letamendia EH Bilduri babesa erakusteko ekitaldia batean, 2019. urteko hauteskunde kanpainan. JUANAN RUIZ / FOKU
Letamendia EH Bilduri babesa erakusteko ekitaldia batean, 2019. urteko hauteskunde kanpainan. JUANAN RUIZ / FOKU

Haatik, konstituzioa berresteko erreferenduma egin aurretik kargua utzi zuen, baita EIA Euskal Iraultzarako Alderdia ere, eta hurrengo legealdian Herri Batasunetik hautatu zuten diputatu, 1979tik 1982ra. Halere, kargua utzi zuen egunekoa da kongresuan utzi zuen irudi ikonikoa, 1978ko azaroaren 8koa: hitza hartuta eta ukabila gora, «Gora Euskadi askatuta! Gora Euskadi sozialista!» oihukatu zuenekoa. 

Politikaren lehen lerroa utzita, jardun akademikoari ekin zion orduan, Parisen lehenbizi, eta han hiru urte egin eta gero, Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako irakasle gisa. Han zela, Espainiako Auzitegi Gorenak sei hilabeteko zigorra ezarri zion, 1978ko mitin batean ETA goratu zuelakoan. Halere, Letamendia kritiko agertu izan zen ETAren jarduera armatuarekin.

Letamendia Madrilen, eskuinean, 'Herriko tabernen auzian' deklaratu zuenean. BERRIA
Letamendia Madrilen, eskuinean, 'Herriko tabernen auzian' deklaratu zuenean. BERRIA

EHUn ari zela, sona handikoa izan zen Politika Zientzietako katedra eskuratzeko Edurne Uriarterekin izaniko polemika, 2000 eta 2002 artean. Bi irakasleek egin zuten katedra lortzeko eskaera, baina, lehen instantzian, Uriarteri eman zioten. Uriarte Ermuko Foroko eta Basta Ya plataformako kidea zen —huts egindako atentatu bat egin zuten haren aurka—, eta, beraz, bi hautagaiak politikoki bi muturretan kokatuta zeuden. Helegitea jarrita, EHUko Kexa Batzordeak deliberatu zuen Uriarteri katedra kentzea eta postua hutsik uztea. Hortik aurrera, Espainiako hedabideetan gogor jo zuen Kexu Batzordearen erabakiaren aurka, eta azkenean Bilboko Administrazio Auzietarako 4. Epaitegiak Uriarteri eman zion katedra. 

Historia politikoari buruzko linburu ugariren egile izan zen; besteak beste, El No vasco a la reforma (euskal ezezkoa erreformari) eta Historia de Euskadi: el nacionalismo vasco y ETA (Euskadiko historia: euskal nazionalismoa eta ETA). Bestalde, sindikalismoaren historia eta ezaugarriak ere aztertu zituen; horren lekuko dira 2009an argitaraturiko Estructura politica del mundo del trabajo: fordismo y postfordismo ikerketa (Lan munduaren egitura politikoa: fordismoa eta postforfismoa) eta ELA sindikatuari buruz 2004an plazaratu zuen liburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA