Letra dotore eta garbiz dauzka jasota behin eta berriz eskolan gaztelaniaz idatzarazi zizkiotenak Mari Karmen Garmendia Lasak (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1947). Umea zen, eskolan hasi berria: «Francok bakea ekarri zigun. Orain daukagun bakea oso ederra da. Otoitz egingo dut haren alde», errenkadan irakurtzen dira ondo asko gordeak dituen koadernoetan; baita beste hauek ere: «Garaipeneko eguna. Gaur askapeneko eguna ospatzen dugu. Bukatu da gerra». Espainiako banderak eta Elizaren gurutzeak ere margotuarazten zizkieten ordu hartako eskoletan. 1950eko hamarkada zen, Euskal Herriko edozein herri txiki izan zitekeen; Garmendia Ormaiztegin hazi zen. Geroztik zaildu zen bidean. Irakaskuntzan murgildu zen, irakasleen eskolan irakasle izan zen, eta politikara ere egin zuen jauzia: Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikarako idazkari, Kultura sailburu eta bozeramaile ere izan zen 1995etik 2001era. Gaur egun, Matia fundazioko presidentea da. Bizi-bizirik ditu oraindik ere frankismoko bizipenak.
«Trenetan ere, lokomotorretan hiru aldiz jartzen zuen, 'Franco, Franco, Franco'», gogoan duenez, trenak ardazten baitu Ormaiztegi, eta lokomotorrek egiten zioten tira trenari garai haietan. Herriz herri igarotzen ziren trenetan ere ez zuen aukerarik galtzen erregimenak propagandarako.
Oroimenari tiraka segitu du Garmendiak: «Herri txiki bateko eskola nolakoa zen esango dizut: normalean, nesken eskola eta mutilena izaten zen, bereizita. Salbuespen batzuk bazeuden». Alegia, herri hartan bazen irakasle bat etxean eskolak ematen zituena ere. Baina gehienak eskola nazionalera joan ohi ziren.
Eskolan 4 urterekin hasi ohi ziren. «Normalean, maisu edo maistra batekin hasi eta buka. Berrikuntza izan zen lehen ikasketen ziurtagiria ematen hasi zirela». Gaztelaniaz ez zekiten haiei eskola denak gaztelaniaz ematen zizkieten. «Gure kasuan, Elizari esker alfabetatu ginen euskaraz. Zergatik? Dotrina euskaraz izaten genuelako. Ez bakarrik hitzez, idatziz ere bai».

Detaile zehatzez akordatzen da oraindik ere Garmendia, esku artean koadernoak dituela: «Hau erregimeneko eskolari dagokion koaderno sail bat da. Hau ez zen señorita Ramonak asmatutakoa [irakasleari hala deitu behar izaten zitzaion]; hezkuntzari zegokion doktrinamendutik zetorren. Gogoratzen naiz nola urtero etortzen zen bisita egitera ikuskatzaile bat. Izenarekin ere akordatzen naiz: Doña Cristina Polo. Hark etorri behar zuela bezperan jakiten zuen señorita Ramonak, eta gela txukun-txukun jartzen genuen. Galderak egiten zizkigun, eta koadernoetan genituen gauzak galdetzen zizkigun».
«Etxeetan ere gauza bat sumatzen genuen: isiltasuna. Eta gero konturatzen zara gure etxeetan zer zulo zeuden: beldurrak eragindako isiltasuna»
MARI KARMEN GARMENDIA Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia
Beldur eta isiltasun giro batek estaltzen zuen hura dena. «Etxeetan ere gauza bat sumatzen genuen: isiltasuna. Eta gero konturatzen zara gure etxeetan zer zulo zeuden: beldurrak eragindako isiltasuna».
Lehendakaria hil zenekoa
Ez du ahazteko Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zela jakin zuenekoa: «Akordatzen naiz goiz batean denak goibel zeudela etxean. Iritsi zen Jose Antonio Agirre lehendakaria hil zela, 57 urterekin, bihotzekoak jota [1960an gertatu zen]. Egundoko inpresioa zuten denek etxean. Ormaiztegiko familia abertzale guztiak isilik, tartean gure familia. Nik hain inpresionatuta sumatu nituen... eskolara joan nintzenean, señorita Ramonarengana joan nintzen mahaira, eta gogoratzen naiz nola esan nion, dena gaztelaniaz: «'Egun on, señorita, gure etxean denak oso triste daude Agirre lehendakaria hil delako'. Ez zidan erantzun ere egin. Etxera itzuli nintzenean, amonari esan nion: 'Amona, señorita Ramonari esan diot lehendakaria hil dela'. Gure amonak: 'Baina, umea, nolaz esan diozu!?'. Eta nik erantzun: 'Garrantzizkoa zen hori esatea, oso triste zeundeten denok, lehendakaria zen'. Amonak: 'Bai, baina isilik egon beharra daukagu!'».
Lehendakariaren lurperatzera Donibane Lohizunera (Lapurdi) joan zen Garmendiaren osaba bat, herrikide batekin. «Don Serafin Esnaola apaiza zegoen han, Donibane Lohizunen. Eta Agirreren gorputzaren aurrean zin egin zuen Leizaola lehendakariak, don Serafinek aterkia eusten zion bitartean, egun euritsu hartan. Guardasol hura gorde egin zuen don Serafinek, aizu, bere guardasolaren azpian zin egin zuen lehendakariak, garai gogor haietan. Jendea ezkutuka joan zen entierrora».
Guardasola Sabino Arana fundazioan utzi zuen Serafin Esnaolak. Eta garai hartako dokumentu mordoxka bat, Lazkaoko Beneditarren Fundazioan. Garmendiak azaldu du apaiz haren familiak ere asko sufritu zuela: «Aita Ormaiztegiko medikua zuen, eta ama, maistra, Alegian. Frankismoa etorri zenean, atzerriratu egin zituzten biak, deserriratu».
Euskaldunak, zigortuak
Eskolara itzuli da berriro: «Inposizioa zen; frankismoak onura besterik ez zeukala esaten ziguten. Egia esan, guk ez genuen zigorrik jaso erdaraz ondo egiten ez genuelako edo euskaraz egiteagatik. Baina nire senarra berastegiarra da, eta han oso gogoan dute nola euskaraz egiteagatik makilekin behatz muturretan jotzen zituzten, hori oso mintsua da. Berastegin eraztunaren kontua ere ezagutu zuten: euskaraz jarduten zenari eraztuna jarri, eta zapatuan eraztunarekin gertatzen zenari zigorra jartzen zioten. Zigorra izaten omen zen baserriko zerbait irakasleei eman behar izatea, arrautza batzuk edo. Garai hartan pobreak ginen. Arrautzak baldin bazeuden, feriara eraman nahiko zituzten saltzera, eta, horren ordez, irakasleei eman behar izaten zizkieten».
Ormaiztegiko eskolak bukatu eta gero Batxilergoa egin zuen Garmendiak. Ikasgaien artean izan zuen Espiritu Nazionalaren Formakuntza. Hura Falangearen dotrina zen, erregimenari zegokiona. Neskek liburu bat izaten zuten, eta mutilek beste bat. «Eskulanek, josteak, marrazkiek eta halakoek garrantzi handia zuten emakumeenean, eta gimnasia ere ematen zuten. Oso gimnasia militarra zen». Irakasle izateko eskolak jasotzen hasi zen gero, eta han ere Espiritu Nazionalaren Formakuntza izan zuen ikasgai.
«Primo de Riveraren arrebak, Sekzio Femeninoko buruak ezagutu nahi ninduela esan zidan zuzendariak. Ni, pasatuta. Bizitza bikoitza baineraman. Euskararen munduan leporaino sartuta, eta han ez nuen ihesbiderik: agurtu beharra izan nuen»
MARI KARMEN GARMENDIA Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia
Irakasle titulua eskuratzeko, erosi eta ikasi beharra izan zuen, besteak beste, Obras completas de Jose Antonio Primo de Rivera (Jose Antonio Primo de Riveraren obra osoak). Falangearen oinarriak jasotzen zituen liburukoteak. «Ordurako alfabetatzen hasita nengoen, Ricardo Arregirekin-eta, eta Zeruko Argia-n ere idazten nuen. Irakasleen erresidentziara Donostian ireki zen egunean etorri nintzen. Horiek denak erdi klandestinitatean egiten genituen, 1964an. Nik 17 urte nituen orduan. Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Xabier Lete eta horiekin, ni emakumezko bakarra, han ibiltzen ginen».
Sekzio Femeninoa
Irakasle titulua lortzeko, nahitaez frankismoaren Sekzio Femeninoak zeukan barnetegi batetik pasatu, eta hura ere gainditu egin behar izaten zen. Deban zeukan eskola (Gipuzkoa). Han hilabete egin behar izan zuen. «Entrenamendu politikoa, espiritu nazionalaren formakuntza, gimnasia militarra, josteko ikastaroak... Hori gainditzea nahitaezkoa zen irakasle izateko».
Bikain atera zuen bakarrtakoa izan zen eskola hartan. «Eta hango zuzendaria non datorkidan esaten: 'Mari Carmen, Primo de Riveraren arreba, Sekzio Femeninoko burua, egun batzuk pasatzera etorri da Debara, eta ezagutu egin nahi zaitu'. Ni, pasatuta. Bizitza bikoitza baineraman. Euskararen munduan leporaino sartuta, eta han ez nuen ihesbiderik: agurtu beharra izan nuen. Beti urdinez jantzita ibiltzen zen, Falangearen koloreekin».
Irakasle ikasketak egiten zituen bitartean, andereñoen erresidentzian ere formakuntzan segitzen zuen. «Handituz joan zen erresidentzia hura. Tartean, gure aita ere bultzatzailetako bat izan zen». Koldo Mitxelena, Juan Mari Lekuona, Ibon Sarasola... halako irakasleak izan zituzten. Elbira Zipitria irakasleak urteak zeramatzan ordurako etxeetan euskaraz irakasten. «Garai hartan, sumatzen zen Francoren garaia aurki bukatu ahal zela; azpilan handia zegoen aldaketarako; ez hemen bakarrik, atzerrian ere bai. Beraz, gurea zen gure hezkuntza sistemaren oinarriak jartzea. Gero, tesia Estrasburgon egin nuen, Luis Pasteur Unibertsitatean. Ikastolei buruz egin nuen. Orduan konturatu nintzen gure etxean gauza franko genituela. Adibidez, Xabiertxo-ren banatzaileetako bat gure ama zen [euskarazko eskola liburu bakarra garai hartan], baina isilik ibili behar zuten. Buru-belarri sartu nintzenean nire ikerketan, konturatu nintzen gauza asko galdu genituela isiltasun harengatik. Beldurrarengatik ez zela asko kontatzen. Ahozko transmisioa ere asko galdu zen».
«Garai hartan, sumatzen zen Francoren garaia aurki bukatu ahal zela; azpilan handia zegoen aldaketarako; ez hemen bakarrik, atzerrian ere bai. Beraz, gurea zen gure hezkuntza sistemaren oinarriak jartzea»
MARI KARMEN GARMENDIA Eusko Jaurlaritzako bozeramaile ohia
Andereñoen erresidentziakoek harremanak egin zituzten, segituan, Katalunian ere eskola eratzen ari zirenekin. «Harreman hura oso garrantzizkoa izan zen. Eta baita irakasle ikasketak eginda plaza zeukaten batzuen lana ere: Feli Etxeberria, Nekane Auzmendi eta beste batzuk. Plaza izanda ere, plazari uko egin, eta trebatzera etorri ziren andereñoen erresidentziara. Zuzendaria Pakita Arregi zen. Handik praktikak egitera joaten ziren Elbira Zipitriarenera, edo Karmele Esnalenera, edo Kontxita Beitiarenera... Bi mundu ziren, erabat desberdinak». Hizkuntzaz gain, beste hainbat berrikuntza ere bazekartzan pedagogia berri hark, neskek eta mutilek elkarrekin ikastearekin batera.
«Txingarretatik» sua pizten
«Elbirarena zen berrikuntza osoa. Non inspiratu zen hura? Gerra aurretik jaso zituen gauzetan, baina, dirudienez, ahizpa bat zuen Marseillan, moja, eta ahizpa hark inspirazio handia ekarri zion. Eta gerra aurretik ere baziren hainbat pertsona interesgarri». Bere ikerketa lerroa horretan ardaztu zuen Garmendiak. Eusko Ikaskuntzaren barruko hezkuntza batzordea ere azpimarratu du, nazioartean hezkuntzaren esparruan ikertzen ari zenaren berri jasotzen zuelako batzorde horrek, eta atzerriko berrikuntzak Euskal Herrira nola ekarri aztertzen zuelako. «Hizkuntza bat baino gehiago zeuden herrietan nola jarduten ziren ikertzen ari ziren. [Xabier] Lizardi bera, poeta, oso gazterik hil zen, baina batzorde horretakoa zen».
Nazioartean arlo pedagogikoan punta-puntako ikertzaileen lerroak aztertu zituen Garmendiak: «Gure garaian, Jean Piaget izan da psikologo eta pedagogo punta-puntakoa. Piaget maisu zena gonbidatu zuen Eusko Ikaskuntzak 1936ko uztailaren 21ean jardunaldi batzuetara Donostiara, hitzaldi nagusia egiteko. Uztailaren 18an gerra piztu zen, eta ezin egin ahal izan zen. Adibide horiek dira erakusteko gure jendea, nolabait esateko, jende irekia zela, konprometitua zela, eta oso zabala zela».
Frankismoak itzali egin zituen lan haiek denak, eta, frankismoaren erdian, beste belaunaldi batek berriro hasi behar izan zuen etendako bide hori egiten: «Txingar haietatik bidea irekitzen hasi beharra izan zen berriz ere».