Nafarroa. Etxebizitza. Jabetza pribatua. Enpresaburuak. Eta Francisco Franco diktadorea. Horiek guztiak uztarri berean jarri ditu Javier Taberna Nafarroako Merkataritza Ganberako presidenteak bere iritzia azaltzeko eta indartzeko: jabetza pribatua eta enpresaburuak direla konponbidea. «Azken finean, erraztu egin behar da jabetza pribatu eta enpresaburu gehiago egotea», Tabernaren ustez. Franco izan du gogoan: «Frankismoan, Francok ezin hobeki pentsatu zuen jabetza pribatuak indartu zezakeela benetan gizarte osoa, eta hala izan da, uste dut jabetza pribatua ona dela mundu guztiarentzat».
Tabernak etxebizitzari buruzko azterketa baten aurkezpenean berpiztu du Franco. Nafarroako Merkataritza Ganberak herrialdeko etxebizitzaren egoera aztertu du, eta gaur aurkeztu du, Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi dekretu eztabaidatu eta bozkatu aurretik.
Alokairu gutxiago
Dekretuei buruz ere hitz egin du Tabernak. Uste du etxea errentan hartu nahi dutenen egoera «okertu» egingo dutela. Espainiako Gobernuak proposatutako neurrien ordez, nahiago du «lankidetza publiko-pribatua» sustatzea. Hala ere, haren iritziz, ez da lankidetza publiko-pribaturik izango: «Inork ez baitu etxea alokairuan jarri nahiko, azkenean haren jabetza galtzen baituzu». Salatu du dekretuak errentan daudenei «bakarrik» egiten diela mesede, etxejabeen kontrakoa dela, eta ez duela hobetuko etxea errentan hartu nahi dutenen egoera, «gehienak gazteak». Alokairuen eskaintza «zorrozki» murriztuko dela ohartarazi du. Horregatik guztiagatik, bihar bi dekretuetatik «bakar bat ere ez onartzea» espero du.
Tabernaren ustez, bi dekretuak Espainiako Konstituzioaren kontrakoak dira, jabetza pribatuaren eskubidearen aurkakoak direlako. «Zerbitzu publiko batek mugatu dezake eskubide hori», azaldu du, «baina horretarako lege bat behar da, eta Espainiako Gobernuak dekretuen bidez egin nahi du».
40.000 etxe hamar urtean
Tabernarentzat eta Nafarroako Merkataritza Ganberarentzat, etxe gehiago eraikitzea da konponbidea, gero errentan eskaintzeko. «Adreilua aurrezkiaren babeslekua da, beti izan da, baina gaur egun ez; jendeak ihes egiten du eraikuntzatik», ganberako presidentearen iritziz. «Arau horien bidez, praktikan, desjabetu egiten zaituzte».
Nafarroako Merkataritza Ganberak etxe gehiago eraikitzea nahi du. Zenbat? 40.000 inguru hamar urtean. Kalkulatu du 6.500-8.000 milioi euro inbertitu beharko direla horretarako. Gaur egun, urtean, batez beste, 2.000 etxe eraikitzen dira Nafarroan. Erritmo hori bikoiztu egin beharko litzateke, erakundearen ustez. Etxeen eraikuntzaren erritmoa bizkortzeko, epeak laburtzea proposatu du. Prozedura administratiboak arinduta eta erraztuta, besteak beste. Metro koadroaren prezioa %29 garestitu da lau urtean, 2022ko 2.624 eurotik aurtengo 3.387 eurora, Merkataritza Ganberaren datuen arabera. Etxe berriak %57 garestitu dira 2021etik ,eta bigarren eskukoak, %50; etxeak egiteko lehengaiak, berriz, %30-50 artean.