Frankismoan garatutako poliobirusak erasandakoen ikusezintasuna

EH Bilduri erantzunez, San Jose Justizia sailburuak jakinarazi du 2026ko aurrekontuetan diru sail bat izango dela «poliomielitisaren epidemiaren hedapenari buruzkoak argitzea helburu duten ikerketa eta azterlanak sustatzeko».

Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearen eztabaida, Eusko Legebiltzarrean, 2023an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearen eztabaida, Eusko Legebiltzarrean, 2023an. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2025eko ekainaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bakarrik sentitu dira urteetan, baina, luzaroan borroka egin ondotik, poliomielitisa duten ehunka lagunek lortu egin zuten aitortuak izatea 2022an Espainiako Gobernuak onartutako Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legean, baita 2023an Eusko Legebiltzarrak onartutako Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legean ere. Nolanahi ere, hori guztia paper errea da, gaixoen hitzetan, ez baitituzte eskuratu legean jasotako baliabideak.

Jaurlaritzak onartutako legearen arabera, frankismoan polioaren birusak erasandako pertsonen sufrimendua aitortzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren zeregina da ikerketak sustatzea, diktadura frankistan epidemiak izan zuen hedapenari buruzkoak argitzeko, bai eta polioak, polioaren ondorio berantiarrek eta polio ostekoak erasandakoen aldeko neurri sanitario eta sozialak hartzea ere, bizi kalitate hobea izan dezaten.

Orain artean, baina, ez da urratsik egin, eta Ayem Oskoz EH Bilduko legebiltzarkideak horren inguruko galdera bat helarazi zion Maria Jesus San Jose Justizia sailburuari, idatziz. Bada, sailburuak erantzun du 2026ko aurrekontuetarako diru sail bat jasoko dutela «Euskadin eragina izan zuen poliomielitisaren epidemiaren hedapenari buruzkoak argitzea xede duten ikerketa eta azterlanak sustatzeko».

Gehitu du aztertzen ari direla zein den poliobirusak eragindako pertsonek jasandako sufrimendua aitortzeko modu egokia eta zuzena, eta «ikerketa eta azterketa egokiak egin ondoren» zehaztuko dutela hori.

Poliobirusak 1950eko eta 1960ko hamarkadetan jaiotako haurrei erasan zien bereziki, eta, birusa eteteko modua ematen duen txertoa eskuragarri baldin bazegoen ere 1955erako, frankismoak ez zituen aintzat hartu nazioarteko komunitatean zabaltzen ari ziren aholkuak. 

Enrique Peiro Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuorde eta epidemiologoak azaldu duenez, poliomielitisa birus batek eragindako gaitza da: poliobirusak eragindakoa. Gaur egun Euskal Herrian oso kontrolatua baldin badago ere, garai batean asko zabaldu zen.

Gehienek sintomarik gabe eta arin pasatzen dute gaitza, ia oharkabean. Zenbaitetan, baina, garatu egiten da, bereziki birusa gorputzeko bi atal hauetakoren batera iristen bada: bizkarrezur muinera edo garezurrera. Birusak bizkarrezur muinari erasaten badio, gaixoak elbarritu egiten dira, batzuk arinago eta beste batzuk larriago: herrendu egiten dira zenbait, baina badira gurpil aulkian ibili behar dutenak ere; birusak garezurrari erasaten badio, arnasa hartzeko eta jakiak irensteko zailtasunak sortzen dizkio gaixoari; eta bi gorputz atal horiei erasanez gero, elbarritu egiten da gaixoa, eta arnasa hartzeko zailtasunak izaten ditu. Muturreko kasuetan, pazienteak hil egiten dira.

Ez dago tratamendu antibiral espezifikorik polioren aurka; horregatik, oso garrantzitsua da prebentzioa. Pilulak garatuta daude aspaldian. 

Lur ongarritua birusa zabaltzeko

Espainiako 1936ko gerraren ostean, atzerapausoak izan ziren arlo askotan, baita higienean ere. 1939tik aurrera, baldintza ezin aproposagoak sortu ziren poliobirusa hedatzeko. Besteak beste, hauek aipatu ditu Peirok: jende askok toki berean bizi behar izatea, osasun baldintza txarrak izatea, osasun arta eskasa edukitzea eta edateko ur ona falta izatea. 

Txertoa 1955erako asmatua bazegoen ere, 1959ra arte ez zioten jarri jendeari; modu selektiboan, gainera. 1963an hasi ziren modu orokortuan jartzen. 1965era arte, urtean 2.000 kasu inguru atzematen ziren, eta txertoa modu orokorrean jartzen hasi ziren urtean, berriz, 62 detektatu ziren.

Birusaren hedapena errotik moztu zen ordutik aurrera, baina birusaren ondorioz gaitza garatu zutenek haren arrastoekin bizi behar izan dute.

Nafarroako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteen arabera, Hego Euskal Herrian 3.000 lagunek baino gehiagok pairatu dituzte poliomielitisaren ondorioak.

Polioa dutenen elkarteak

EPE-Euskadiko Polio Elkartea 2014an sortu zen. Aurrez bataila asko galdutako jendeak osatu zuen elkartea. Izan ere, Francoren diktadura amaitu zenean, elbarritasunen bat zuten hainbat herritar borrokan hasi ziren eredu aldaketa bat izan zedin: frankismoko eredu errukitsu eta paternalistaren ordez, bestelako eredu bat nahi zuten. Besteak beste, zera eskatzen zuten: bizitza independentea izateko aukera ematea, irisgarritasun unibertsala izatea, lanerako eskubidea bermatzea, hezkuntza inklusiboa ezartzea eta bizi kalitatea hobetzea. Hori lortzeko, nahi zuten ordura arte erregimenaren eta erlijioaren menpe zeuden erakundeak eraldatzea, errukia baztertzeko eta eskubide sozialak berreskuratzeko. Elbarritasunen bat zutenen artean, antolatu ziren gehienek poliomielitisa zeukaten.

Baina eraldaketa hori modu orokortuan egiten hasi zen, eta, prozesu horretan, ez ziren aintzat hartu polioak eragindakoen berezitasunak, hau da, elbarritasun fisikoren bat zutenen zakuan sartu zituzten denak.

Borroka orokor horri esker eskubide batzuk lortu baziren ere, polioak erasandakoen beharrak bigarren mailan geratu ziren.

Hala, 2000. urtearen bueltan, polioa zutenek jakinarazi zuten gaitzaren ondorio larriagoak jasaten hasi zirela: polio osteko sindromea.

Erakundeen eta elkarteen babesik gabe, erakundeak sortzen hasi ziren euren kasa, osasun arta espezifikoa eskatzeko, eta galdegin zuten ikerketa bultzatzea, formakuntza bermatzea eta polio osteko sindromearen ebaluazio egokia egitea. Ate guztiak itxita topatu zituzten osasun sailetan eta gizarte gaietakoetan. Haien esanetan, negazionismoaren eta polioa dutenak ikusezin bihurtzeko joera horren ondorioz jo zuten memoria historikoaren alorrera.

Horren guztiaren harira sortu zuten EPE-Euskadiko Polio Elkartea. 170 bazkide izan zituzten, eta, hamar urtez lanean aritu ostean, elkartea desegin zuten 2024an. Besteak beste, lortu zuten Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren 2023ko Legeak eskaera hauek jasotzea laugarren xedapen gehigarrian: osasun publikoak polio osteko sindromearen probak egitea, polio unitate bat sortzea propioa gaitz hori dutenak artatzeko, errehabilitazio pertsonalizatua eta doakoa jasotzea, eta protesiak behar dituztenentzako katalogo bat eskaintzea.

Peirok ez du ezagutzen propio polioan espezializatutako unitaterik, eta gaineratu du gaitz infekziosoen unitatean jasotzen dutela arta. 

Elkarteko kide izan zirenek nahi dute ez dadila berriro gertatu haiei gertatutakoa, Olivier Guez idazleak esandakoa gogoratuta: «Bi edo hiru belaunalditik behin, memoria ahitu eta aurreko sarraskien lekukoak desagertzen direnean, arrazoia desagertu egiten da, eta beste gizaki batzuek gaizkia zabaltzen dute berriz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.