Frankismoaren biktimek Eusko Jaurlaritza salatuko dute, Falangearen ekitaldian memoria legeak urratzea egotzita

Hamalau elkarte memorialistak sustatu dute ekinaldia. Haien iritziz, Jaurlaritza «sinbologia frankista eta diktadura frankista goraipatzeko» arau hausteen erantzule bihurtu du Falangeari baimendu izanak Gasteizen urriaren 12an elkarretaratzea.

Falangeko kideak keinu faxistak egiten, urriaren 12an Gasteizen egindako ekitaldian. AITOR KARASATORRE / FOKU
Falangeko kideak keinu faxistak egiten, urriaren 12an Gasteizen egindako ekitaldian. AITOR KARASATORRE / FOKU
kristina martin
2025eko urriaren 23a
11:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frankismoaren biktimak elkartzen dituen hamalau elkarte memorialistak jakinarazi dute salaketa bat aurkezteko asmoa dutela Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren aurka. Iritzi diote memoria historikoari buruz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden bi legeak urratu dituela, urriaren 12an Gasteizen izandako gertaeretan: EAEko Memoria Historiko eta Demokratikoari Buruzko irailaren 28ko 9/2023 Legea eta Memoria Demokratikoari Buruzko 20/2022 Espainiako Legea.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzari dei egin diote Espainiako Gobernuari eska diezaion Falange Espainola alderdia legez kanpo uzteko, memoria historikoari buruzko legeak ez betetzeagatik.

Elkarte memorialistikoek adierazi dutenez, Falangearen ekitaldia baimendu zuten arduradun politikoen aurkako salaketa hori aurkeztuko dute Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzan. Elkarte horien ustez, «sinbologia frankista eta diktadura frankista goraipatzen duten elementuak» erakutsi zituzten Falangeak Gasteizen antolatutako ekitaldi horretara batutakoek, eta «faxismoaren ekintza, keinu eta diskurtso apologetikoak» egin zituzten. Hori guztia egin zuten, haien esanetan, «diktadura frankistaren biktimengan gutxiespena eta umiliazioa eragiteko asmo nabarmenaz».

Salatu dutenez, hori gutxi balitz bezala, non-eta Gasteizen egin zuten, «errepresio frankistaren izugarrikeria bere larruan bizi izan zuen hiri batean, bai kolpearen hasieran, bai frankismo berantiarrean; horren erakusgarri, 1976ko martxoaren 3an langileei egindako sarraski ezaguna».

Falangearekin ez ezik, EAEko arduradunekin eta segurtasun indarrekin ere suminduta daude frankismoaren biktimak. «Beren esku zeukaten manifestatzeko baimena bertan behera uztea, gertakari horiek eragozteko», baina, horren ordez, «Poliziaren arduradunek haiek babestu zituzten». Memoriari buruzko legeak aipatuta, baietsi dute baimena eman zuten arduradunak eta han zeuden poliziak gertaeren erantzule ere badirela, memoria legeen aurkako jokabideak eragozteko edo eteteko behar diren neurriak hartu ez zituztelako.

Eskuin muturreko alderdiak antolatutako elkarretaratzea izan eta hurrengo egunean, ostera, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak argudiatu zuen Falangearen ekitaldia «legezkoa» izan zela, «gustatu ala ez gustatu», eta bera, Segurtasun sailburu gisa, ez dela inor manifestazioak edo alderdi politikoak debekatzeko.

«Berriz biktimizatzen gaituzte»

Salaketa hori bultzatzen dutenak, gogorarazi dutenez, «berrogei urtez izututa bizi izan ginen, Falangeko matoien beldurrez, isiltasunera kondenatuta». Erantsi dutenez, «frankismoaren biktima garen aldetik, Gasteizen Cara al sol besoa goratuta abesten ikusitako irudiek berriro biktimizatzen gaituzte». Iritzi diote haien duintasuna gutxiesten dutela «han egin ziren apologia eta gorespen frankistako ekintza horiek». «Falangea Ertzaintzak babestuta mobilizatzea eta azken 50 urteetan izan duten eta duten zigorgabetasuna gogoraraztea jasan behar izan dugu», ohartarazi dute.

Hona hemen adierazpen hori sinatu duten hamalau elkarteak: Goldatu elkartea, Intxorta 1937 kultur elkartea, San Fermines 78, Martxoak 3 elkartea, Gernika Batzordea, Juan Gabriel Rodrigo Knaforen Aldeko Martxoaren 6a elkartea, Arabako Ateneo Errepublikanoa, Gogoan Sestao elkartea, Euskadiko CNTko Memoria Historikoaren Batzordea, Irungo Nicolas Gerendiain Elkarte Errepublikanoa, Kepa Ordoki MHB, Bidasoaldeko elkarte memorialista, Oroituz Andoainen, Tolosako Errepublikanoak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia —GEBehatokia—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.