«1985ko legearen aurreko garaietara», «frankismoaren garaira» eta «27 urte atzera». Hainbat eragilek antzeko diagnosia egin dute Espainiako Gobernuak Abortuaren Legean egin nahi dituen aldaketen gainean: atzerapauso nabarmena izango dela ohartarazi dute.
Udazkenean aurkeztuko du Espainiako Gobernuak abortuaren lege proposamen berria, eta, Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek herenegun iragarri zuenez, umekiak malformazioren bat izatea ez da irizpide batizango haurdunaldia eten ahal izateko. Gallardonen iritziz, «etikoki ulergaitza» da formazio arazoak dituzten fetuen abortuak egitea. 2010ean indarrean sartu zen legeak aukera hori jasotzen du; baita 1985eko arauak ere. Orduan ezarri ziren abortatzeko irizpide gisara bortxaketa, umekien malformazioa eta amaren bizitza arriskuan egotea.
Espainiako Gobernuaren asmoen aurka azaldu da Maria Silvestre Emakundeko zuzendaria. «Diskurtso ideologiko manikeo, faltsu eta hipokrita» izatea leporatu dio Silvestrek Madrili, eta «ezgaitasunen bat duten umeak hiltzen» ari direla sinetsarazi nahi izatea. Bilgune Feministak, berriz, Espainiako Gobernuari egotzi dio «eskubide bat beharko lukeenari epeak, baldintzak eta oztopoak» jartzea. Bilgune Feministaren ustez, krisi ekonomikoa baliatzen ari da PPren gobernua herritarren hainbat eskubide murrizteko eta abortuaren inguruan lortutako aurrerapenak zapuzteko.
Andrea elkarteak uste du Ruiz Gallardonen adierazpenek «makurtu» egiten dituztela emakumeak, eta haien eskubideak ezabatzea dutela helburu. «Frankismoaren garaira» itzultzea aurpegiratu dio Andreak Espainiari, eta gaineratu du Ruiz Gallardonen adierazpenak ez direla «demokraziaren alde lan egiten duen ministro batenak, fundamentalista erlijioso batenak baizik». Haurdunaldia eten nahi duten emakumeek «askatasunez, segurtasunez eta legez» abortatu behar dutela nabarmendu du elkarteak, eta horretarako indarrean dagoen legea ez aldatzeko eskatu du.
Alderdi politikoak ere aurka
Iñigo Urkullu EAJko presidentearen arabera, Ruiz Gallardonek proposatutako aldaketa«PPren ideologiaren ondorio» da, eta ez dio gizartearen gehiengoaren eskaera bati erantzuten. Aitortu du PPren hauteskunde programan agertzen zela abortuaren legea aldatzeko asmoa; Urkulluren iritziz, ordea, «pentsaezina» zen aldaketa horrek «27 urte atzera egitea» eragingo zuela.
Aralarrek «erabat lotsagarria eta atzerakoia» iritzi dio Ruiz Gallardonen asmoari. Proposamen horrekin egoera ekonomikotik arreta desbideratu nahi izatea egotzi dio PPri, eta andreek euren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea ezabatzea.
Frankismora itzultzearekin erkatu dute malformaziodun fetuen abortua debekatzea
Ruiz Gallardonek iragarri du umekiak kalteak izatea ez dela umedunaldia eteteko irizpide bat izango

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu