«ETA desegitea da etorkizunera begira edozein aldaketa egin ahal izateko ezinbesteko baldintza». Hala esan du Manuel Valls Frantziako Barne ministroak Madrilen, Jorge Fernandez Diaz Espainiakoarekin bildu ondoren biek elkarrekin egindako agerraldian.Hortaz, espetxe politikari ere bere horretan eutsiko diola ohartarazi du, kazetarien galderei erantzutean.
Mezu berak eman dituzte etengabe Frantziako eta Espainiako ministroek, zenbaitetan hitz berak erabilita. ETAri zein euskal gatazkari dagokienez erabateko adostasuna dutela erakusten aritu dira modu batean eta bestean bileraren ondorengo agerraldian: «Politikan, Frantziaren jarrera Espainiaren jarrera bera da», esan du Vallsek. Konplizitate keinu ugari egin dizkiote elkarri, belarrira sekretuzko hizketaldiak eginez eta sorbalda behin eta berriz igurtziz. «Nire lagun berri Jorge» esanez azaldu da Frantziako ministroa Espainiakoaren aurrean, Frantziako Gobernu berriaren ordezkari batek Espainiara egindako lehen bisitan.
Fernandez Diazek ere argi utzi du edozein mugimendu egin aurretik bete beharreko ezinbesteko baldintza, ETA «polizialki garaituta» dagoela behin eta berriz esatearekin batera: «Zuzenbide estatuak garaitu du ETA, Frantziaren laguntza bikainarekin, baina orain desegin egin behar du, baldintzarik gabe». Hala egiten ez duen artean Espainiak ETAren aurka «orain arte bezain zorrotz» jarraituko duela hitzeman du.
Lan horretan Frantziarekin «eskutik helduta» jarraituko duela adierazi du Fernandez Diazek. Vallsek ere argi utzi du duen prestasuna. Areago, «ahal dela, handitu ere egingo dugu elkarlana», esan du. Frantziak eta Espainiak ETAren aurkako borrokan «betitik» duten harreman estu «eta eredugarria» etengabe goraipatu dute bi ministroek. Elkarlanak bere horretan jarraitzen duela eta aurrerantzean hala segituko duela baieztatzeko, adibide bat jarri dute: igandean Frantziako Poliziak Espainiakoarekin batera egindako polizia operazioa.
Espainiako Barne ministroak operazioari buruzko informazioa zabaltzeko baliatu du aukera. Oroitz Gurrutxaga eta Xabier Aranburu igandean Landetan atxilotutakoen autoan kilo bat lehergai aurkitu dutela esan du. Merkurio anpuluak ere bazeudela autoan, zazpi matrikula faltsu, Espainia, Frantzia zein Italiako nortasun agiri faltsuak, eta bi ordenagailu. «Eta informazio hori ez digu inongo harremanetarako talde edo ikuskatzailek eman, sinesgarri diren bakarrek baizik: estatuko segurtasun indarrek».
ETA «garaitua» dagoen arren oraindik klandestinitatean militante batzuk badituela azaldu du ministroak. «Ez da normala herritar normalak armatuta egotea, agiri faltsuekin, auto lapurtuekin eta lehergailuak egiteko balio duen materialarekin».
Rodolfo Ares sailburuak ETA ez dela kideak biltzen ari esan izanari buruz, Espainiako ministroak adierazi du iturri desberdinetatik edan izanak «ñabardurak» eragin ditzakeela baina ez dituztela iritzi kontrajarriak. Atxilotuetako bati ETArentzat kideak biltzeko taldeko arduradun izatea egotzi zion ministroak operazio egunean. Atzo adierazi zuen hierarkizazioak ez duela garrantzirik, ETA oso ahul dagoelako.
Espero zuen Amaiurrek
Amaiurrek adierazi du bilerak «espero zena» eman duela: betikoa. Izan ere, bi ministroak iraganean iltzatuta daudela uste du; «jarrera anakronikoa» dutela. «Onartezina da Harremanetarako Nazioarteko Taldea konponbidean sakontzeko Euskal Herrira etorri den egunean Espainiako eta Frantziako gobernuek estrategia immobilistan jarraitzea eta barre egitea gainera».
«Behingoagatik» arduraz joka dezatela eta «gatazka armatuaren ondorioei buruz aritzeko» ETArekin hitz egin dezatela eskatu diete bi gobernuei.
Konponbide prozesua
Frantziak dio ETA desegitea dela ezer aldatzeko «ezinbesteko baldintza»
Espainiako Barne ministroa eta Frantziakoa Madrilen bildu dira, eta ETAren aurka «eskutik» jarraituko dutela agindu duteArduraz aritzeko eta ETArekin mintza daitezela esan die Amaiurrek bi gobernuei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu