Frantziako Estatu Kontseiluak baliogabetu egin du Pausa zentroagatik estatuak Euskal Elkargoari zion zorra

2025eko otsailean kontrakoa erabaki zuen Bordeleko Administrazio Auzitegiak, hots, estatuak 836.000 euro zor zizkiola Elkargoari. Honek azken deliberoa gaitzetsi du.

Baionako Pausa aterpea, 2019an, Elkargoak ardura bere gain hartu zuen urtean. GUILLAUME FAUVEAU
Baionako Pausa aterpea, 2019an, Elkargoak ardura bere gain hartu zuen urtean. GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 19a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025eko otsailean kontrakoa erabaki zuen Bordeleko Administrazio Auzitegiak, Frantziako Estatu Kontseiluak bestela erabaki du: baliogabetu du Pausa zentroaren kudeaketa gastuengatik Frantziako Estatuak Euskal Hirigune Elkargoari zion 836.000 euroko zorra. 

2018an ireki zuten migratzaileei harrera egiten dien Pausa zentroa. Hasieran, Etorkinekin Diakite elkartearen, Atherbea elkartearen eta Elkargoaren artean jardun zuten kudeaketan, baina desadostasunak agertu ziren, eta 2019tik goiti, Elkargoak hartu zuen bere gain kudeaketa osoa; lehen urtean 9.000 pertsonari egin zieten harrera.

Afera da estatuaren eskumena dela etxegabeei urgentziazko harrera egitea, Bordeleko Administrazio Auzitegiak 2025ean oroitarazi zuen bezala. Alde horretatik, Bordeleko epaimahaiak ebatzi zuen Frantziari zegokiola Elkargoak aurreratutako gastuak ordaintzea.

Hala, Pausa zentroarengatik, Frantziak 836.000 euro eman beharko zizkion Euskal Elkargoari. Gainera, erabaki horrek bidea eman zezakeen helegitea aurkeztu eta ondoko urteetako gastuak ere Frantziak ordain zitzala eskatzeko, baina Estatu Kontseiluak kontrakoa iritzi dio.

Euskal Hirigune Elkargoak erabaki hori gaitzetsi du, eta kezka agertu du «haren ondorioek Pausaren etorkizunean izan dezaketen eraginaz».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA