Kopurua gora eta gora doa azken egunetan. 500.000 izenpeen langa iragan zuen eskariak aste hasieran, milioiarena geroztik, eta bi milioietara hurbilduz doa emeki-emeki: Frantzian 1,9 milioi herritar agertu dira neonikotinoideen familiako azetamiprid pestizida berriz baimentzearen kontra; kasik bi milioi herritar Frantziako Asanblean duela hiru aste bozkatu zuten Duplomb legearen indargabetzearen alde. Bi milioi herritar kasik, hots, agroindustrialek bultzatutako lege «kriminalari» buru egin nahian.
Laurent Duplomb diputatu errepublikanoak bultzatutako lege proposamena da uztailaren 8an Asanblean bozkatu zutena: 316 diputatuk egin zuten alde, eta 223k kontra. Lege horren helburua «laborari lanaren hertsapenen kentzea» da: lege proposamena egin dutenen ikuspegitik, horrek erran nahi du erraztea 2018an debekatutako pestiziden erabilera, ur erreserba erraldoien eraikitzea, eta, beraz, hazkuntza industrialaren bultzatzea. Funtsean, FDSEA laborantza sindikatuaren ildoko aldarrikapenak; Duplomb bera Loira Garaiko (Frantzia) Laborantza Ganberako FDSEAko lehendakari izana da.
Delibero «harrigarria» da Panpi Sainte Marie ELB sindikatuko laborariaren ustez, jakinez eta azetamipridoa debekatzea jadanik erabaki zela, duela bost urte eskas. «Produktu horiek denboran debekatu bazituzten izan zen zientifikoki frogatua zelako lanjerosak zirela. Eskandalua da berriz onartze hutsa. Zer da lehenetsi behar? Osasuna ala laborari gutxi batzuk?». Bereziki, beterraba eta hur ekoizleek baliatuko lituzkete neonikotinoideak, «beste alternatibarik ezean».
Erleak eta minbizia
Azetamipridaren kontrako borrokan, bi lanjer nagusiri aipamen egiten diote militanteek: erleak eta gizakia bera. Aspalditik jakina da neonikotinoide guztiek bezala azetamidoak intsektuen nerbio sistemari erasotzen diola. Badira urteak Inrae laborantza ikerketarako zentroak erraten duela hainbat ikerketa zientifikok frogatu dutena: azetamidoa lanjerosa da polinizatzaileentzat.
Gizakiei dagokienez, Duplomb legearen sustatzaileek behin eta berriz erran dute «Efsa Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak homologatutako produktuak» direla, «sendagaiekin egiten den bezala»; FDSEAko lehendakariaren hitzak dira, hain zuzen. Baina, badira zenbait ñabardura kontuan hartzekoak: joan den urtean Efsak azaldu zuen «ziurgabetasun handiak» daudela azetamidoaren neurotoxikotasun propietateen garapenari dagokionez, eta, beraz, datu gehigarriak beharko zituztela «arriskuen ebaluazio egokia egin ahal izateko».
Batez ere, badirudi pestizida horrek arazoak ekar ditzakeela haurkiaren garunaren garapenean. Efsak, beraz, proposatu zuen laborariek egunero erabiltzen ahalko zuen kantitatea jaistea; horregatik leporatu zaio posizio anbiguoa, hain zuzen lanjerez oharturik ere produktua debekatzearen alde ez baitzen agertu.
Orain, Duplomb legearekin, laborariek azetamipridoa erabiltzeko baimen berezia ukanen dute, baldin eta laborantza ekoizpena lanjerean bada eta alternatibarik gabe geratu baldin badira. Hor dator bigarren eztabaida handia: zeren arabera erran daiteke alternatiba bat dagoela? Legearen defendatzaileen arabera, neonikotinoideak ezinbestekoak dira zenbait produkturen ekoizpenerako, hala nola beterrabaren eta hurren ekoizpenerako. Horien ustez, beraz, ez dago alternatiba bizigarririk.
Inrae ikerketa zentroak 2019an argitara atera zuen dosierraren arabera, berriz, alternatibak badira kasuen %96tan. Kontua da gehienetan karioago ateratzen direla alternatiba horiek; hori bera leporatzen dute legearen kontrako laborari eta herritarrek: «Guretako, lehen osasuna da, eta gero errentagarritasuna», erran du Sainte Mariek.
CIVAM SARETIK BIHARKO LURRAREN ELKARTEAREN DEIA
Civam laborantza sarearen partaide BLE Biharko Lurraren Elkarteak alternatibak xerkatzen ditu egunero, laborarien egunerokoa laguntzeko, hain zuzen. Eskaria izenpetu duten 1,9 milioi herritarrei oihartzun eginez, adierazi dute ez direla «laborantzaren kontra doan mugimendua, baizik, alderantziz, haren defentsarik handiena». Konbentzituak dira Duplomb legea «eredu produktibista baten zepoan harturik den gutiengo baten interesen alde» baizik ez doala, eta hori, beste laborari eta herritar guztien kaltetan. Azaldu dute: «Hazkuntza handienen %3 baizik ez dituzte hunkitzen neurri horiek, laborarien eta herritarren osasuna zaintzeko hesiak kordoka ezarriz. Ez, testu horrek laborariak ez ditu 'libratuko'. Gutiengoa den eredu suntsitzaile baten pribilegioak iraunaraztea du xede; eta jakina da zer-nolako ondorioak dituen eredu horrek osasunean, gizartean eta ekologian».
Ondorio horiei buru egiteko, justuki, alternatibak garatzea da BLEren xedea, kasu honetaz haraindi; Civam sarea agroekologiako tokian tokiko eragilea da, dinamika horiek sustatzen dituena. Aldarrikatu dute «halako etxaldeak» badirela, beste ekoizpen moldeekin aitzina eginez ere bizi direnak: «Hazkurriak ekoizten dituzte, eta jendea elikatzen dute. Bai, baina eredu horiek ez dira garatzen ahalko politika publiko ausart eta koherenterik gabe».