Frantziako Estatuaren «izaera zapaltzailea» salatu eta aurka egitera deitu du U14k

Frantziako Poliziaren zaintzapean manifestazioa egin dute Ezpeletan dozenaka herritarrek. Militantziara jauzi egin eta oldartzera deitu dituzte euskaldunak.

U14ko kideen manifestazioa, Ezpeletan. PATXI BELTZAIZ
U14ko kideen manifestazioa, Ezpeletan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko uztailaren 14a
21:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arratsalde hasieratik etengabekoa zen mezu jarioa sare sozialetan aktibo diren Ipar Euskal Herriko hainbat taldetan, Poliziaren presentzia seinalatzeko: «Kasu Larresoron»; «Zuraiden ere bai»; «Ezpeleta-Larresoro bidegurutzean, kontrola eta auto miaketa». Frantziako egun nazionala salatzeko U14 kolektiboak Ezpeletan (Lapurdi) antolatu duen manifestaziorako dozenaka segurtasun indar mobilizatu dituzte astearte arratsalde honetan. 350 pertsonak egin dute protesta Asimilazioa borrokatu lelopean, Frantziako Estatuaren «izaera zapaltzailea» salatzeko. Dei egin diote euskal gazteriari «militantziara jauzi» egin dezaten. «Oldartzea ez da aukera, eginbeharra baizik, euskaldun gisa, eta beste herri zapaldu guzien izenean ere bai».

Ezpeletako merkatuan zuten zita arratsalde apalean U14 kolektibokoek. Handik errepide nagusira jo dute lehenik, ondoren, herriko karriketan barna ibiltzeko. Haien gibeletik hamar bat polizia furgoneta, eta istiluetarako jantziak ziren dozenaka polizia. Terrazetan turista andana, eta haien erditik manifestariak oihuka: «Hau ez da Frantzia, Euskal Herria da». 

Manifestazio bukaeran azaldu dutenez, «estatu burgesaren omenezko besta» da uztailaren 14koa, U14 kolektibokoen iritziz. «Frantses naziotasunaren azkartzearekin batera, Euskal Herriaren nazio zapalkuntza elikatzen du, eta Frantziaren ideologia kapitalista hedatzen». Bosgarren urtea da egun horretan protesta antolatzen dutela, lehenago ezker abertzaleko gazteriak zuen ohiturari jarraiki. «Gure borrokak independentzia eta sozialismoaren ildotik segitu du, gure xedea zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri aske eta sozialista bat lortzea baita».

«Frantziar inperioa» jomugan

U14ko kideek hurrenez hurren salatu dituzte masa turismoa, bigarren etxebizitzen problematika eta kulturaren merkantilizazioa; kostaldeko herrietan ez ezik, barnealdean ere emendatu baitira. Gauza bera kontrol sozialari dagokionez, Kanbon eta Hazparnen instalatu dituzten kamerak adibide hartuta. «Independentzia eta sozialismoa aldarrikatzean, problematika hauek ditugu egunerokoan borrokatzen: gure hizkuntzaren eta kulturaren zapalkuntza, eta langile klasearen prekarizazioa».

Hitzaldian adierazi dute «frantziar inperioa» dutela jomugan, eta Euskal Herriaren askapena lortu arte hala jarduteko borondatea agertu dute. «Egun honek Frantziaren nazioa handitu nahi badu, guri dagokigu oroitaraztea frantziar nazioa beste nazioen ukazioan eta zapalkuntzan oinarritzen dela, zeina, konkretuki, bretoi, korsikar, kataluniar, okzitaniar, alsaziar eta euskal kulturak ezabatuz eta baztertuz bakarrik sortu den». Gaitzetsi dute Frantziako Estatuak Euskal Herriaren kontra diharduela egunero: «Gure hizkuntzari etengabe egiten diote eraso, herri txikiak husten ari dira, kontsumismoak eta prekarizazioak gaina hartzen dute, eta eskuin muturra alternatiba berri gisa nagusitzen ari da». Oldartzera deitu dituzte herritarrak. 

Errepresioari elkartasuna

2021ean sortu zenetik, hamalau atxiloketa izan dira U14 kolektiboaren aurka. Azkena, joan den urtarril hasieran. «Gure praktika iraultzailea, ordea, ez da frantses estatuaren gustukoa, eta azken horrek erantzun bakarra du: errepresioa». Halaber, elkartasuna adierazi diete Ostiako, Euskal Herrian Euskaraz-eko eta Etorkinekin elkarteko kideei, eta maiatzean errepresioaren aurka eragile anitzen artean antolatu zen mobilizazioa goraipatu dute. «Mugimendu iraultzaileen arteko eta haiekiko elkartasun handiago bat gauzatu da aurten, zeina beharrezkotzat ikusten dugun Euskal Herriaren askapenerako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA