AHT-a

Frantziako Gobernuak dio goizenik 2042rako eginen dutela 'euskal Y'-arekiko lotura

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko loturak 2030erako zeuden aurreikusita 

AHTaren Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) geltokiaren eraikuntza lanak. GOTZON ARANBURU/ FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko otsailaren 22a
11:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Gobernuaren erranetan, AHTaren Bordele eta Akize (Okzitania) arteko trenbidea ez dute 2042a baino lehenago akituko. Eta, beraz, euskal Y-arekin eginen duten lotura ere gibelatuko da. Berez, 2030erako zeuden aurreikusita lotura horiek.

Ikusi gehiago: Trenbidearen berritzea, abiadura lortzeko

COI Azpiegituren Frantziako Orientazio Kontseiluak joan den urteko abenduan egin zuen, baina hilabete honetan argitaratu duten txostenean jasotzen dira aldaketa horiek. Gibelapenaren arrazoi nabarmenen artean daude administrazio arloan izandako arazoak, eta krisiak aurrekontuetan izandako ondorioak.

Europar Batasunarendako, estrategikoa da Madril-Gasteiz-Akize-Paris arteko trenbidea. Hala ere, Frantziako Gobernuak lehentasuna eman dio herrialdearen barnean dauden loturak egiteari. Horren erakusle izan zen 2021ean gobernuak Bordele eta Tolosa (Okzitania) arteko obrak bizkortu izana, eta adierazi zuen 2032rako akituta izanen zutela –orain, berriz, zazpi urtez gibelatu du data hori–. Atzerapena argudiatzeko, Frantziako Gobernuak dio Biriaturaino (Lapurdi) iristen den trenbidearen zabalera AHTak erabiltzen duena dela.

Frantziak atzerapenaren berri eman ondoren, laster etorri dira erreakzioak. Aitor Esteban EAJko bozeramaileak kongresura eraman du gaia, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteari galdetu dio ea Frantzia «adarra jotzen» ari zaion. Izan ere, Espainiak eta Frantziak urtarrilean Bartzelonan egin zuten goi bilera baten ondoren, Sanchezen baieztatu zuen 'euskal Y'aren lotura prest egongo zela 2030erako, Frantziarekin adostu zuenaren arabera.

Estebanek zalantzan jarri du goi bilera horren eragina: «Nire zalantza da Bartzelonako goi bilera hartan benetan zer onartu zuten». Hari erantzunez, Sanchezek azaldu du Espainiaren esku dauden azpiegiturak 2030erako prest egongo direla—'euskal Y'aren zatia eta Gasteiz-Burgos artekoa—. Horrez gain, esan du Frantziaren aurkako «kexa ofizial bat» aurkeztuko duela, eta gogorarazi du Europar Batasuna Espainiaren alde dagoela auzi horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.