Frantziako Immigrazio Legearen testua adostu du batzorde mistoak

Frantziako Senatuak eta Frantziako Asanbleak arratsean dute bozkatzekoa testua. Eskuin muturreko diputatuek erran dute testua babestuko dutela: lege proposamena baino gogorragoa da.

Marine Le Pen
Marine Le Pen, Frantziako Asanblean.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko abenduaren 19a
17:30
Entzun

Frantziako Immigrazio Legea berrikusteko batzorde misto bat osatzeko agindu zuen Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroak. Frantziako Asanbleako zazpi diputatuk eta zazpi senatarik osatu dute batzorde mistoa; atzo eta egun aritu dira testu bat adosteko lanetan. Azkenean, testu bat trenkatu dute arratsaldean. Eskuin muturrak testu hori txalotu du, eta «garaipen ideologikotzat» jo. Dena den, promulgatu aitzin, Senatuaren eta Asanblearen babesa behar da. Senatuak 19:00etan bozkatuko du, eta Asanbleak 21:30ean. Batasun Nazionaleko diputatuek adierazi dute testua babestuko dutela. Nupes ezkerreko koalizioak ez du babestuko. Ikustekoa da gehiengoko diputatu batzuek eta LIOT taldeko zentroko diputatuek zer eginen duten.

Gorabeheratsua izan da lege proiektuaren ibilbidea. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak ondu zuen testua «ahulegia» zela argudiatuta, are gehiago gogortu zuten senatariek, eta, gero, Asanbleak atzera bota zuen legearen inguruko eztabaida publikoa. Ezkerreko alderdiek salatu dute batzorde mistoak adostu duen testua hurbil dela Senatuak egindako bertsio zorrotzetik. Errefuxiatuak laguntzeko elkarteek berehala arbuiatu dute testua, eta erran dute «konplexuak galdu dituen xenofobiaren» adierazle dela.

Neurri zorrotzagoak

Tentsiopeko lan eremuetan lan egitera heldu diren atzerritarrei automatikoki urtebeteko bizileku baimena ematea jasotzen zen hasierako lege proposamenean. Bada, batzorde mistoak adostu du prefetak izanen duela bizileku baimen horiek banatzeko eskumena, eta delitu batengatik kondenaturikoek ez dutela baimen hori lortzen ahalko.

Migratzaileek gizarte laguntzak jaso ahal izateko gutieneko epea luzatzea eta baldintzak gogortzea ere erabaki dute. Familia prestazioak eta beste diru laguntza batzuk eskuratzeko, egoera «erregularrean» den atzerritar batek —hau da, bizileku baimena duen batek— frogatu beharko du bost urte daramatzala Frantziako Estatuan bizitzen edo 30 hilabetez lanean aritua dela. Egun, sei hilabetekoa da epea. APL alokairua pagatzeko diru laguntza eskuratzeko, berriz, eskatzaileek ikasle bisa aurkeztu beharko dute, edo, bestela, hiru hilabetez lanean aritu direla edo Frantziako Estatuan bost urte daramatzatela frogatu. Ikasle atzerritarrentzako baldintzak ere zorroztu dituzte, eta ikasle bisa lortzeko, ikasketak «serioski» egiten ari direla frogatu beharko dute. Bestalde, asilo eskatzaileek eskaera aztertzeko denboran lan egiteko eskubidea izatea bermatu nahi zuten lege proposamenaren bidez, baina batzorde mistoak neurri hori kendu du.

Senatuko bertsioan bezala, immigrazio kuotak jartzea adostu dute, eta kuota horiei buruzko eztabaida urtero egitea. Gehiago dena, «egonaldi irregularraren delitua» berrezarri du batzordeak. Egoera administratibo irregularra duen orok, beraz, arriskua izanen du 3.750 euroko isuna pagatu behar izateko, eta atxiloaldian ezarria izateko ere bai.

Senatuan, bestalde, Estatuaren Laguntza Medikoa erabat kentzea proposatu zuten. Bada, eskuinaren eta eskuin muturraren babesa lortzeko, Frantziako Gobernuak hitzeman du lege proposamenetik kanpo bada ere lege bat eginen duela Estatuaren Laguntza Medikoa erreformatzeko. Horren trukean, lege proposamenak hori kendu gabe ere eskuinaren eta eskuin muturraren babesa izatea da asmoa.

Bestalde, Frantzian sortu den eta guraso atzerritarrak dituen haur batek frantziar herritartasuna lortzen du automatikoki 18 urtetan gaur-gaurkoz. Batzorde mistoan onartu dutenez, oraindik aitzina, frantziar herritartasuna lortu nahi duenak horretarako borondatea agertu beharko du 16 eta 18 urte artean. Gutienez sei hilabeteko kartzela zigorra izan dutenek ez dute eskubiderik izanen frantziar herritartasuna lortzeko.

Diputatuek lege batzarretan adostu zuten bezala, batzorde mistoan onartu dute atxikitze zentroetan ez gehiago haurrik giltzapetzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.