Frantziako Kontseilu Konstituzionalak eman du bere iritzia: 2018an debekatutako pestizida bat berriro baimentzearen kontra agertu da. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan du aintzat hartuko duela kontseiluaren iritzia, eta legea atzerapenik gabe bideratu eta argitaratuko duela, kontseiluak emandako baldintzetan; hamabost egun ditu horretarako.
Azetamiprid pestizida 2018an debekatu zuten Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Eta harrezkero FNSEA laborantzako sindikatuak presio handia egin du pestizida hori berriz onar dadin, eta sindikatu horretako kide eta Errepublikanoak alderdiko senatari batek eraman zuen proposamena legera, Laurent Duplombek: Frantziako Asanbleak uztailaren 8an onartu zuen Duplomb legea, eta, indarrean sartzeko, argitaratzea baizik ez zaio falta. Legean proposatzen da erremolatxa eta hur landaketetarako baimentzea.
Ez hori bakarrik. Laborari handientzako neurri batzuk ere jasotzen ditu Duplomb legeak: etxalde handiagoak egin ahal izateko eta laborantzarako ur biltegi erraldoiak eraikitzeko erraztasun administratiboak ematea, esaterako. Iaz nekazariek Frantzian egindako protestetan ere agertu ziren halako eskariak, zenbaitek eskatu baitzuen pestiziden erabilera onartzea. Kontseilu Konstituzionalak baimendu egin ditu legearen beste artikuluak, beraz, baina zuzenketak egin dizkio 2. artikuluari, zeina pestizidei buruzkoa baita.
Pestizida horien kontrako olde bat zabaldu da Frantzian, eta baita Ipar Euskal Herrian ere. Denbora gutxian, 2,1 milioi izenpe lortu dituzte Duplomb legearen kontra. Legearen aurkariek argudiatzen dute neonikotinoide guztiek eta azetamidek —2018an debekatutako pestiziden osagaiek— eraso egiten diotela intsektuen nerbio sistemari. Erleak aipatzen dira, Inrae laborantza ikerketarako zentroak esana baitu azetamida arriskutsua dela haientzat. Orobat, ornodunei ere eragin diezaiekeela agertu izan dute ikerketa batzuek, eta askok uste dute gizakiei ere kalte egin diezaieketela. Panpi Sainte Marie ELB sindikatuko kideak BERRIAri adierazi zion, orain bi aste, «eskandalua» litzatekeela pestizida horien erabilera berriz onartzea: «Zer da lehenetsi behar? Osasuna ala laborari gutxi batzuk?».
Konstituzioaren aurkakoa
Herritarren presioa batetik eta laborari handiena bestetik, horien erdian aurkeztu du ebazpena Kontseilu Konstituzionalak, maiz organo horren iritzia erabakigarria izaten baita halako zenbait legeri buruzko zalantzak daudenean. Kontseiluaren esanetan, Ingurumenaren Gutuna aintzat hartuta, ez du zentzurik pestizida hori erabiltzeko baimena emateak, neonikotinoideek intsektu polinizatzaileei eta hegaztiei eragiten dielako, eta «gizakien osasunerako arriskuak» ere badituelako.
Ingurumen Gutunak zehazten du gizakiek eskubidea dutela «ingurumen osasuntsu eta orekatu batean» bizitzeko, eta pestizida mota horiek arriskuan jartzen dutenez printzipio hori, kontseiluko kideek ondorioztatu dute Duplomb legearen 2. artikulua —pestizida horiek berriz erabiltzea baimenduko lukeen hori— konstituzioaren kontrakoa dela.
Duplombek berak, kontseiluaren ebazpena ezagutu ondotik, adierazi du ondorioak izango dituela erabaki horrek, inportazioak handitzea ekarriko duelako. Legea babesten dutenek, izan ere, argudio gisa adierazten dute azetamipridan oinarritutako pestizidak ez daudela debekatuta Europako beste leku askotan. Eta laborariak kexu dira horrek lehiarako baldintza okerragoan uzten dituelako beste batzuen aldean. FNSEAk gogor kritikatu du kontseiluaren ebazpena, horregatik.
Aldiz, PSk eta Frantzia Intsumisoak ontzat jo dute ebazpena. Laborarien Konfederazioak, berriz, borrokan jarraitzera dei egin du, gobernuaren nekazaritza politikak okerreko bidetik joan ez daitezen.