Frantziako Le Point kazetak zabaldu duenez, Frantziako Poliziako bi kidek ETAk entregaturiko ehun arma baino gehiago zituzten ezkutatuak Pas-de-Calais departamenduko Arras herriko biltegi batean. Frantziako Poliziaren komunikazio zerbitzuek adierazi dute itxi gabe dela afera eta, beraz, oraingoz ez dutela horri buruz komunikaziorik eginen. Prokuradoreari dei egin dio egunkari honek, baina oraingoz ez du erantzunik jaso.
ETAk 2017 eta 2018 artean entregaturiko armetako batzuk suntsitu egin zituzten Frantziako agintariek, baina beste batzuk gorde egin zituzten, zenbait erasotan erabili ote zituzten aztertzeko. Horietakoak hartu zituzten eurentzat bi poliziek. Tartean dira 80 bat detonagailu, M4 pistola-metrailadoreak, kalaxnikov fusil bat, eta 357 Magnum pistola. Denera 100 arma baino gehiago zituzten ezkutatuak, eta horientzako munizioa.
Kazetaren arabera, polizietako batek bere nagusiari eman zizkion armok, eta hark gorde egin zituen, Arrasko lehergaiak indargabetzeko guneko obra txabola batean. Guneko arduraduna da komandantea. Arrasko auzitegiak agentea zigortu du. Komandantea auzitegiaz libratu da erruduna dela onartu duelako, baina diziplina auzia zabaldu diote, eta Poliziatik kanporatzeko eskatu dute. Arma trafikoan aritzeko asmoa zutela ukatu dute denek, eta «armazale amorratuak» eta «bildumagileak» direla argudiatu dute.
Frogak suntsitzeko ahalegina
Irailean hasi zuten ikerketa, anonimo batek legez kanpoko arma biltegi bat zegoela ohartarazi zuenean. Horren arduradunak nortzuk ziren jakiteko, kamerak jarri zituzten Arrasko polizia etxekoek. Arma lapurrek kamera bat suntsitu zuten, baina beste kamera batek grabatu zituen horretan ari zirela.