Ustelkeria kasu batekin lotu dute Frederique Espagnac Pirinio Atlantikoetako senatari sozialista. Frantziako Finantza Fiskaltzak ustez diru publikoa bidegabeki erabili izana leporatzen dio. Kargualdi gastuetarako jaso duen dirua behar pertsonaletarako baliatu ote duen ikertzen ari dira. Mediapartek eman du aferaren berri, eta, plazaratu dituzten informazioen arabera, orotara 108.000 euro xahutu ditu bidegabeki.
Izan ere, hilabetero 6.109 euroko diru sartzea du senatariak, karguari lotutako gastuen estaltzeko. Espagnacek, ordea, bere interes propioetarako erabili du diru publikoa. 2012tik 2018ra bere etxeko alokairua pagatzeko baliatu du: orotara, 41.000 euro. Berez, kargualdirako beharrezkoa duen etxebizitza pagatzeko balia lezake diru iturria; etxe pertsonala ordaintzeko, haatik, ez.
Bestalde, mediku gastuetarako 4.428 euro bidegabe erabili ditu; familiako norbaiti 7.562 euro ordaindu dizkio, eta, gidabaimeneko puntu batzuk berriz eskuratzeko baliatu du diru publikoa: 175 euro. Mediapartek jakinarazi duenez, Partidu Sozialistako kotizazioa pagatu du diru horrekin; 500 euro hilero, 2012tik 2018ra; hots, 37.000 euro guztira. Alabaina, kotizazioa zergapeko irabazietarik kengarria da. Ikusteko dago, beraz, hilabetero baliatu dituen 500 euro horiek zergetan deklaratu dituen, ala ez. Xahutze horiez gain, 2017an egin dituen 16.780 euroko diru ateratzeak duda piztu die inkestagileei.
Bizi Publikoaren Gardentasunerako Goi Aginteak inkesta juridiko bat abiarazi zuen 2018an, hainbat parlamentari eta senatariren diru gastuak susmagarritzat jo ondotik. Frederique Espagnac da horietako bat.
Pirinio Atlantikoetako PSko senataria aurpegi ezaguna da Ipar Euskal Herrian. Azken urteetan, biziki inplikatua izan da gatazkaren konponbidean, eta Frantziako Justizia ministerioarekin elkarrizketak egin dituen Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren parte da.