Basque Friendshipek, Euskal Herriko bake prozesuaren alde Europako Parlamentuan sortutako taldeak, Europako Batasunari eskatu dio Euskal Herriko bake prozesuan «modu aktiboan» parte hartzeko, eta Espainiako eta Frantziako estatuak deitu ditu «gatazkaren ondorioei» aurre egiteko elkarrizketak abiatzera. Nabarmendu dute Aieteko Adierazpenari erantzunez ETAk jardun armatua amaitu zuela eta elkarrizketak abiatzeko prestasuna agertu duela; ordea, kritikatu dute Espainiako eta Frantziako estatuek ez diotela erantzun Aieteko Adierazpenean eginiko eskaerari. «Zoritxarrez, eta Basque Friendshipek dakienaren arabera, elkarrizketa horiek oraindik ez dira izan. Jakitun gara lehenago edo beranduago elkarrizketa horiek egin beharko direla Euskal Herriko gatazkaren ondorioak konpontzeko», nabarmendu du.
Aieteko Adierazpenaren urteurrenaren harira, «ezohiko» bilera bat egin du Friendshipek. Euskaraz, ingelesez eta espainolez kaleratutako ohar batean, berriz ere nabarmendu du Donostiako Aieteko jauregian eginiko nazioarteko konferentzia «mugarri» bat izan zela euskal gatazkaren konponbiderako, eta, konferentzia hartan, Kofi Annan, Gro Harlem Brundtland, Bertie Ahern, Gerry Adams, Pierre Joxe eta Jonathan Powellek «bide orri argi bat» proposatu zutela. Horren harira, gogoratu dute Powellek berak Irlandako bake prozesuaren «ikasgaiei» buruz Europako Parlamentuan martxoan eman zuen hitzaldia. Friendshipek nabarmendu duenez, Powellek esan zuen gatazka baten parte diren aldeek ezin dutela utzi gatazka bat «besterik gabe desagertzen», eta aldeen konpromisoa exijitzen duela konponbideak; arazoak gainditzeko hitz egin behar dela.
Testuinguru horretan, eta Espainiari eta Frantziari eginiko eskaerez gain, Europako Batasunari ere inplikazioa eskatu dio Friendshipek. Bakearen Nobel saria jaso berri duela eta, euskal gatazkan ere «modu aktiboan» parte hartzeko eskatu dio Europako Batasunari. Sariak gatazkaren konponbidean ekarpena egiteko «pizgarri» izan behar duela dio, eta gogoratu du 2006ko urrian Europako Parlamentuak onartu egin zuela Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko ebazpen bat.
Gertaera «esanguratsuak»
Aipatu eskaera horiek egiteaz gain, Friendshipek aztergai izan ditu azken urtean «bake prozesuarekin lotuta» egon diren beste bi gertaera «esanguratsu»: igandean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari izandakoaren tortura salaketa dela-eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Estatuaren aurka joan den astean kaleratu zuen ebazpena.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokienez, «gatazkarik gabeko aro berri bat» eraikitzen laguntzeko eskatu diete legebiltzarkide berriei. Hala, dei egin diete gai politikoei buruz eta «lotura» duten beste gaiei buruz eztabaidatzera, eta herritarren iritzia kontuan hartzera.
Torturen arloan, Friendshipek Espainiari eskatu dio, Otamendiren aldeko ebazpenak dioenaren haritik, «ahalik eta arinen» ezartzeko Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak emandako gomendioak.
Friendshipek Europako Batasuna deitu du prozesuan eragile «aktibo» izatera
Europarlamentari taldeak Espainiari eta Frantziari eskatu die ETArekin elkarrizketak abiatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu