Froga falta eta «testuinguru soziala» izan ditu oinarri Berangoko absoluzio epaiak

Auzitegi Nazionalak ez du ontzat jo Guardia Zibilaren «kolaboratzaile batek» egindako grabazioa, eta gogoratu du ETA desegin eta lau urtera egin zela Aginagaren ongietorria.

Berangoko auzipetuen aldeko mobilizazioa, maiatzean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Berangoko auzipetuen aldeko mobilizazioa, maiatzean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko uztailaren 24a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berangon Ibai Aginaga euskal preso ohiari egindako ongietorriagatik akusatutako hamasei euskal herritarren absoluzio ebazpenean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak ez du frogatutzat jo lagun horiek egozten zitzaizkien delituak egin izana. Hortik harago, baina, ez du uste jazoera horiek «indarkeria terroristara» deitzeko modua ematen dutenik; besteak beste, ETA desegin eta lau urtera jazo zelako, 2022ko martxoan. Auzi horretan azpimarra egin du Aratz Estonba defentsa abokatuak BERRIAri egindako adierazpenetan: «Ate bat irekitzen du, ez bakarrik ongietorrien aferan, baita bestelako adierazpenei dagokienez ere».

Epaimahaiak, aho batez, bi bide erabili ditu hamasei lagunen absoluzioaren alde egiteko, eta defentsa abokatuek ere «sorpresaz» hartu dute. «Ez genuen espero hain epai garantista», adierazi du Estonbak. Izan ere, auzitegiak ebatzi du, Aginagari Berangoko frontoian harrera egin zitzaiola baieztatu arren, ez dela frogatu akusatuek egozten zitzaizkienak egin izana. Hau da, ez dagoela baieztatzerik frontoira sartzeko «pasilloa» eurek egin ziotenik preso ohiari, ez barruan egindako ekitaldian egozten zitzaizkien «gorazarre» adierazpenak egin zituztenik, ezta ekitaldiaren ondoren taberna batean «Gora ETA» oihua haiek egin zutenik ere.

Izatez, haien aurkako frogak Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako txostenak izan dira. Lehen biak frontoiaren kanpoaldean gertatutakoen ingurukoak dira nagusiki, baina ez da antzematen akusatuei egotz dakiekeen deliturik.

Guardia Zibila ere ez zen frontoi barruan egon, baina haren txosteneko elementurik deigarriena eraikinaren barruan «kolaboratzaile» batek egindako grabazioaren transkripzio zatiak izan dira. Grabazio hartan, betiere Guardia Zibilaren arabera, zenbait akusaturen hitzak jaso ziren, eta esandakoak itzuli eta idatzi zituzten txostenean. Grabazioa, baina, ez zuten froga gisa aurkeztu prozesuan.

Ez da halako zerbait ontzat jo eta zigor epai bat ezartzeko erabiltzen den lehen aldia, Estonbak azaldu duenez. Horregatik, hori izan da epaiketako «gakoetako» bat. Izan ere, defentsa abokatuek balizko adierazpen horiek froga gisa onartzearen kontra egin zuten, ez baitzuten aukerarik grabazioa egiazkoa ote zen baieztatzeko edo ezeztatzeko, eta horrek «defentsarik gabe» utzi zituen. Bada, epaimahaiak arrazoia eman die. «Pertsona ezezagun batek egindako grabazioa agenteen lekukotzen bidez txertatzeak, grabaziorik gabe, defentsei kontra egiteko aukera galarazten die, ezin baitute testigantza horien fidagarritasuna zalantzan jarri: ez dago baieztatzerik eduki zehatza, testuingurua, grabazioa osoa edo editatua den, ahotsa benetan adierazten den horiena ote den», zehazten du ebazpenak, eta gehitu epaimahaiari ere galarazten diola froga zuzenean aztertzeko aukera.

Beraz, barruan jazotakoen artean, baieztatu daitezkeen bakarrak kanpotik poliziek entzundako oihuak dira, epaimahaiaren arabera: «Presoak kalera, amnistia osoa», «Borroka da bide bakarra» eta «Jo ta ke, irabazi arte». Eta, epaimahaiaren arabera, presoak etxeratzearen aldeko mezuak ez dira delitu, eta borroka da bide bakarra eta jo ta ke, irabazi arte bezalako aldarriak «anbiguoak» dira, eta ez dago argi adierazterik indarkeria erabiltzera deitzen dutenik; horren adibide, aipatzen du bigarren hori kirol arloan ere erabiltzen dela.

Indarkeriarako deirik ez

Epaimahaiak ez du baloratu ea Guardia Zibilaren arabera akusatuek frontoian esandakoak delitu ote diren, eta ebatzi du frogatutako egitateak ez direla terrorismoaren gorazarre delitu bat.

Halere, heldu dio auzi horri ere. Orain arteko jurisprudentzian oinarrituta, epaimahaiak adierazi du kontuan hartu beharreko zenbait elementu daudela. Hasteko, gogoratu dute preso bati egindako ongietorriak berak ez duela zertan delitua izan; besteak beste, ebazpenak nabarmentzen du ekitaldia egin aurretik ez zela hura debekatzeko neurririk hartu.

«Ez dira zigortzen besterik gabe askatasuna berreskuratu eta zigorra beteta euren udalerrira itzultzen direnei egindako ongietorri ekintzak», adierazi dute epaileek, eta gehitu espetxe politikari eginiko kritikak ere adierazpen askatasunaren pean daudela.

Are gehiago, epaileek ebatzi dute ez zela «benetan indarkeria terroristara deitu, ezta hirugarren pertsonengan helburu politikoetarako indarkeria erabiltzeko ideia sortzeko gorroto giro bat erraztu ere».

Horra iristeko, aurrez aipatutako elementuez gain, beste bat ere nabarmendu du epaimahaiak: «Testuinguru soziala». Ebazpenean, gogoratu dute 2022an ekitaldi hura egin zenerako lau urte igaroak zirela ETA desegin zenetik, eta hamar baino gehiago erakunde hark borroka armatua behin betiko eten zuenetik. Hori, Estonbaren esanetan, epaiaren «elementu juridikorik garrantzitsuena» da: «Delitu honen funtsa da ea zenbateraino dagoen arriskua esandako hori egia bihur dadin, biolentzia ekintza gehiago gerta daitezen. Eta kasu honetan esaten da ezin dela, eta ezin denez, ez dagoela deliturik».

Horrek «ate bat» irekitzen du, haren hitzetan, ez soilik ongietorrien kasuan, baita bestelako adierazpen batzuei dagokienez ere, hala nola sare sozialetan egin daitezkeenei dagokienez. «Bide bat irekitzen du adierazpen askatasunerako mesedegarriagoak izan daitezkeen interpretazio batzuk mahai gainean jartzeko». Hori bai, ohartarazi du Auzitegi Nazionaleko atal bakar batek ebatzi duela hala, eta ikusi beharko litzatekeela zer egin dezaketen gainerakoek.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA