Liskarra izan zen gauean auzipetuekin egon ziren hainbat lagunek deklaratu dute Auzitegi Nazionalean, eta denek berretsi dute haiek deklaratutakoa. Berdin egin du Adur Ramirez de Aldaren amak ere, Bel Pozuetak. Hark zehaztu du gau hartan 02:15ean iritsi zela etxera eta han topatu zuela Adur. "Indarrak gorde nahi zituen, feriena egun polita delako Altsasun, eta bazkaria egoten delako. Bere logelan sartu zen".
Osparen ekintzetan parte hartu ote duen galdetu dio akusaizoak, eta hark ezetz erantzun du. Coviteko abokatuak ez du etsi, eta Ospa mugimenduarekin bat ote datorren galdetu dio. Epaimahaiak kargu hartu dio fiskalari, eta gau hartan gertatutakora mugatzeko eskatu dio. Jarraian, Estatuaren abokatuak galdetu dio ea "ETAko presoen elkarretaratzeetan" egon izan den. Pozuetak erantzun du presoen elkarretaratzeetan egon dela, baina ez ETAkoenetan. Zehaztu du bere semearen aldekoetan egon dela.
Antzeko galderei erantzun diete defentsaren gainontzeko lekuoek ere.
Pozuetak deklarazioa amaitutakoan baimena eskatu du semea besarkatzeko, eta epaileak onartu egin du. Ama-semeak hunkituta zeuden. Joxerra Senar kazetaria ari da auzia zuzenean kontatzen.
Epaimahaiak defentsaren bi froga onartu ditu: Adur Ramirez de Alda frontoian kamiseta beltzarekin ageri diren irudiak, eta, Iñaki Abadek istilu ostean grabatu zuen bideoa. Ondorengo bideoan ikus daiteke Ramirez de Alda Altsasuko frontoian, kamiseta beltza soinean:
[youtube]https://youtu.be/kdOs0Qe3Zyo[/youtube]
Javier Ollo Altsasuko alkateak ere deklaratu du gaurko saioan. Gertakarien gauean, Iñaki Abad Haritza tabernako langilearen eta neska baten deiak jaso zituela adierazi du, Koxka tabernaren kanpoaldean "zerbat gertatu zela" abisatzeko. Alkatea foruzainen polizia etxera eta Guardia Zibilaren kuartelera joan zen, baina ez zioten ezer esan.
Estatuko abokatuak "alderdi nazionalista batekoa" al den galdetu dio Ollori, eta herrian jarri diren pankartei buruzko azalpenak eskatu dizkio.
Teresa Ortizek ere deklaratu du aurrez. Emakumeak mezetara joateko ohitura du, eta han zen urriaren 12an ere, Guardia Zibilaren ospakizunean. Hain zuzen ere, guardia zibilek esan zuten egun hartan Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta gazte talde bat egon zirela bertako jendeari presio eginez, eta mezara joan zirenak beldurtuta zeudela. Ordea, Ortizek goitik behera gezurtatu du halakorik.