Etxebizitzaren gaiaren inguruan dabiltza bueltaka alderdiak Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpainan. Aferak garrantzi handiagoa hartzen du ezkerreko indarrentzat, eta, horren adibide, etxebizitzaren krisiari aurre egiteko proposatzen dituzten neurriak aurkezteko erabili dute Fronte Zabaleko Arabako hautagaiek gaur goizean Gasteizen egindako agerraldia. Edurne Garciak eta Jose Damian Garcia-Morenok proposatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 70.000 etxebizitza publiko eraikitzea eta alokairuen gehienezko prezioa 600 eurora mugatzea.
«Alokairurako etxebizitza publiko gehiago behar ditugu, eta alokairu horrek irisgarria izan behar du. Jendeak konponbideak orain behar ditu», aldarrikatu du Garciak. Haren kide Garcia-Morenok aurkeztu du koalizioak horretarako proposatu duen konponbidea: Espainiako Estatu osoan 1,5 milioi etxebizitza publiko eraikitzea. Horietako 70.000 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eraiki beharko lirateke, Garcia-Morenok azaldu duenez. 80 bat metro karratuko etxebizitzentzako gehienezko alokairua 600 eurokoa izatea ere proposatu du hautagaiak.
Fronte Zabalaren bi hautagaiak bat etorri dira gainerako alderdiak kritikatzerako orduan. EAJ eta PSE-EE jarri dituzte ituan biek, bi alderdi horiek baitira, haien iritziz, etxebizitzaren krisiaren «erantzule handiak, Euskadin, Araban zein Gasteizen». Arabako hiriburuari dagokionez, Garcia-Morenok bi alderdi horiek osaturiko udal gobernuari egotzi dio etxebizitza hutsei aplikatzen zaien OHZ ondasun higiezinen gaineko zergaren errekargua «nahita» ez aplikatzea.
Ez dira horiek Fronte Zabalak aurkeztu dituen neurri bakarrak: laugarren etxebizitzatik aurrera jabeei etxebizitzaren balioaren %10ari dagokion zerga berezi bat aplikatzea proposatu du koalizioak, baita etxebizitza hutsak merkatura ateratzea ere, azken hori nola egin nahi duten zehaztu ez badute ere. Garciak eta Garcia-Morenok ziurtatu dute, PSOErekin koalizio gobernu bat eratzeko negoziazioak egotekotan, Fronte Zabalak exijituko duten lehen neurria «alokairuak jaisteko premiazko dekretu bat» dela. Egun, Fronte Zabalaren aurrekari den Sumarrek PSOErekin batera gobernatzen du Madrilen.