FSU-SNUipp sindikatuak eskoletako lan baldintzen okertzea salatu du

Egoera hobetzen ez bada grebara deitzeko prest agertu da hezkuntzako sindikatua.

(ID_17018706703955) FSU-SNUIPP sindikatuaren mobilizazioa
FSU-SNUIPP sindikatuaren protesta bat, irailean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko abenduaren 06a
19:00
Entzun

FSU-SNUipp sindikatuak salatu du Ipar Euskal Herriko eskoletako lan baldintzak okertzen ari direla, eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez diola behar bezala heltzen arazoari. Hezkuntza administrazioak neurriak hartu ezean grebara deituko dutela jakinarazi dute ohar batean. 

Hainbat ikastetxetan dagoen egoeraz larriturik, «alerta sozialaz» abisatu zuten orain dela bi aste Frantziako Estatuko ehun departamendutan, hala nola Pirinio Atlantikoetan. «Urteetako hezkuntza politiken ondorioz, langileen lan baldintzak okertuz doaz. Eskola desberdintasunak murrizteari eta ikasleen arrakastari bizkarra emanez, gaur egun haustura puntu bat dago eskoletan», adierazi zuten.

Sindikatuaren salaketari erantzunez, bilkura izan zuten atzo Hezkuntza Ministerioko Departamenduko Zerbitzuen Zuzendaritzan, Pauen. «Akademia ikuskaria bere ministroa bezain mespretxagarria da: ez da bilkurara agertu ere egin, eta bere zerbitzuen esku utzi du gure aldarrikapenak entzutea», deitoratu dute agiri batean. «Elkarrizketa sozialaren kalitateaz departamendu mailan ditugun kezkak berresten ditu horrek».

FSU-SNUipp sindikatuak urteak daramatza eskoletako lan baldintzak salatzen, hala nola irakasle eskasia. «Akademia ikuskariak urte guziz erraten du ikasleko dagoen irakasle kopurua emendatzen ari dela, baina emendatze ñimiño hori mekanikoa baizik ez da, departamenduan dagoen ikasle kopurua apaltzen ari baita», salatu dute. Ikasturte hasieratik Laneko Osasun eta Segurtasuneko berrogei fitxa utzi dituzte Lehen Mailako irakasleek. Sindikatuaren hitzetan, irakasleek ez dute «nahikoa baliabide».

Ikasleen mailaren apaltzea erakutsi duten PISA txostenaren emaitzekin ere lotu dute eskoletako egoera txarra: «Nazioarteko adierazleek berriz ere Frantzia eredugarri izatetik urrun dela erakusten duten garaiotan, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren zerbitzuek gehiago entzun beharko lituzkete langileak. Desberdintasun sozialek eskola desberdintasunetan gehien eragiten duten herrialdeetako bat gara, eta azken urteetako hezkuntza politikek arazo hori areagotu baizik ez dute egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.