G7an atxilotutakoen prozeduretan akatsak daudela salatu du defentsak

Hamasei lagun epaitu dituzte Baionan G7ko protestetan parte hartu izanagatik. Abenduaren 3an jakinaraziko dute epaia.  

G7ko auzipetuak, Baionan, epaiketara sartzeko prest. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2019ko irailaren 20a
21:26
Entzun

Baionako Auzitegian epaitu dituzte G7ak iraun bitartean protestetan parte hartu izanagatik auzipetu zituzten hamasei pertsona. Agorrilaren 23an Urruñako Erlaitzan (Lapurdi) egin zen manifestazioan eta agorrilaren 24ean Baiona Txikian izandako istiluetan atxilotu zituzten gehienak, eta, gaur, epailearen aurretik pasatu dira.

Eguerdian, hamarnaka pertsonek elkarretaratzea egin dute Baionako Auzitegiaren aitzinean. Bazkari bat partekatu dute, eta bildutako dirua, isunak eta abokatu gastuak ordaintzeko baliatuko du Legal Teamak.

G7koenaren garaian, Legal Team taldearekin harremanetan aritu ziren hamar bat abokatu. Horietariko zenbaitek, gaur, defentsa kolektiboa egin dute, eta azpimarratu dute hainbat akats daudela prozedura juridikoetan. Afera askotan, polizia agirietan hutsuneak izan direla ere azpimarratu dute —data arazoak eta izenpetze faltak, besteak beste—. Atxiloketetan polizia indarkeria jasan dutela erran dute akusatu batek baino gehiagok: Urruñako Erlaitzan gelditu zuten gizon batek esan du betaurrekoak galdu zituela eta Poliziak "nahitara lehertu zituela". Abokatuak karguak kentzea eskatu du.

Beste kasuetan ere eskubide urraketak egon dira: akusatuei aukeratutako abokatuak ukatu dizkiete eta eskubideen notifikazioa beranduegi egin zaie atxiloaldi denboran. Berez, atxiloaldian sartu eta 45 minututara jakin behar du akusatuak zein diren bere eskubideak. Kasu batzuetan hiru orduren buruan eman zizkieten.

Fiskaltzak dosierren baliogabetzeak onartu ez arren, kasu gehienetan karguak kentzea eskatu du. Bere eskari gorena, 300 euroko isuna izan da. Hala ere, gazte bati zortzi hilabeteko kartzela zigor eskaera egin dio aurrekariengatik. Hutsuneak direla eta, abokatuek epaileari eskatu diote karguak kentzea. Gainera, salatu dute eskubide urraketak izan direla. Antzeko izan da gainontzeko auzipetuekin ere. Fiskalak ez ditu dosierrak baliogabetu, baina karguak kentzeko eskatu, eta 150 eta 200 eurora arteko isunak galdegin ditu.

Auzia arlo politikoan

Defentsa kolektiboa egin duten abokatuek "inoiz ikusi gabeko prozedura akatsak" izan direla erran diote epaileari. Auzia politikoa dela ere adierazi dute. Esate baterako, auzipetuen abokatu batek gogor leporatu dio epaileari hilabeteak eman izana G7ak iraun bitartean izan zitezkeen atxiloketak nola kudeatu antolatzen: "Badira zenbait hilabete kondizionamendua jasaten duzuela G7koenaren garaian prest izateko. Bazirudien apokalipsia izango zela eta ez da horrela gertatu". Beste abokatu batek Fiskalari leporatu dio "demokraziatik at" aritzea: "Aurkari politikoak kargu gabe atxilotzea posible ote da demokrazia batean?". Publikoa pozik agertu da abokatuek egindako lanarekin. Erabakiak datorren abenduaren 3an emango ditu Baionako Auzitegiak.

Datorren astean, berriz, abuztuaren 23an eta 24an izandako protestekin lotutako beste sei pertsona epaituko ditu Baionako Auzitegiak. Urrian eta abenduan ere segituko dute epaiketek. Joan den irailaren 9an, aldiz, bi pertsona kondenatu zituen Akizeko (Okzitania) auzitegiak. Pintaketa batzuengatik, sei hilabeteko kartzela zigorra bete beharko dute, gibelapenarekin.

Epaiketaren ondoren, sustengu gaualdia antolatu dute Baionako Epaixkan, auziperatuen justizia gastuak pagatzeko balioko du bildutako sosak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.