Lau pneumatikori su eman eta G7aren aurka, euskal gazteria borrokan leloa zeraman pankarta bat zabaldu zuten uztailaren 20ko goizaldean, FEVE Espainiako Trenbideen Enpresa Publikoaren trenbidean. Bilbon izan zen "hainbat gaztek" egindako sabotajea, eta Topatu.eus-ek berri eman duenez, "trenen bidea moztu zuten ordu batzuez".
Topatu-ri bidalitako oharrean azaldu dutenez, "Miarritzen ospatuko den G7 gailurraren aurka egitea" zuten helburu, eta "gailurraren aurka mugitzen ari den borroka orokorraren barruan" kokatu dute sabotajea. Gainera, "euskal gazteei tokian toki" sabotajea egiteko eta "G7aren aurkako plataformak antolaturiko protestetan" parte hartzeko deia egin dute.