"Zapaltzaileen kontrako borrokak segitzen du" goiburupean, azken egunetan bi sabotaje ekintza aldarrikatu dituzte agiri batean. Egileek ez dute izenpetu, baina agorrilaren 24tik 26ra Miarritzen (Lapurdi) iraganen den G7koen goi bileraren kontrako mezuak hedatu dituzte. "G7 eta bere munduaren borrokatzea, Euskal Herriko lurrak, herriak eta bizilekuak kapitalisten jostaleku izatearen borrokatzea da", adierazi dute BERRIAri helarazitako agirian. Hala, bi sabotaje ekintza egin izana aldarrikatu dute: Arrangoitzeko (Lapurdi) golfa "pozoi ekologikoarekin suntsitu" izana, eta Bilbo eta Santander arteko trenbidea "eten" izana. Arrangoitzeko Golfeko idazkaritzak adierazi duenez, ez dira "ezeren jakinean".
Bi sabotaje ekintza horiek ez dira G7koen goi bileraren kontra egin diren ekinaldi bakarrak. Azken asteetan, eskuorri bat agertu da, egin diren ekintzetako batzuk azaltzen dituena. Besteak beste, Mc Donald’s eta Decathlonen kontrako ekintza Donostian, hainbat kutxazain automatikoren kontrako sabotajea Bilbon, Casino eta beste lau ostaturen kontrako sabotajeak Miarritzen.