Irakurri serie honetako artikulu guztiak
«Androzentrismo juridikoa da; feminismoak aspalditik azpimarratu izan du hori». Arantxa Elizondo EHUko Zientzia Politikoko irakaslearen esanetan, «androzentrismo juridikoa» da emakumeen ikuspuntua aintzat ez hartzea, jurisprudentziari neutraltasun kutsua ematea baina inplizituki genero rolak ezartzea, eta sexu eraso baten eta abusu baten arteko muga frogatu daitekeen indarkeriaren eta intimidazioaren arabera zehaztea. 2016ko Iruñeko sanferminetako talde bortxaketaren prozesu judiziala luzea eta malkartsua izan zen, baina sakoneko aldaketa bat eragin zuen emakumeen aurkako indarkeriaren eta sexu erasoen inguruko legedian. «Begirada zeharo aldatu zen: erabaki zen aurrerantzean erasotzailearen jarrera eta ekintzak ikertuko eta epaituko zirela; ez biktimarenak», azaldu du Elizondok.
Urte eta erdian hiru aldiz ebatzi zen sanferminetako talde bortxaketaren auzia. Nafarroako Probintzia Auzitegiak eman zuen aurreneko ebazpena, 2018ko martxoaren 20an: horren arabera, bost akusatuek ez zuten sexu eraso bat egin, sexu abusu bat baizik, eta bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zien. Handik hiru hilabetera, urte bereko ekainaren 21ean, 6.000 euroko isuna ordaindu eta behin-behinean aske utzi zituzten, argudiatuta «mediatikoki ezagunak» zirenez ez zuketela berriz halako deliturik egingo. Ebazpen horrek haserre handia eragin zuen, eta jende oldea batu zen mobilizazioetara. Hilabete haiekin akordatu da Elizondo: «Herritar askori iruditu zitzaion ebazpen horrek ez zuela gertatutakoaren errealitatea islatzen, eta aldatu egin beharra zegoela».
Handik sei hilabetera iritsi zen bigarren ebazpena; edo, hobeto esanda, ebazpenaren berrespena. 2018ko abenduaren 5ean Nafarroako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Nafarroako Probintzia Auzitegiaren erabakia, nahiz eta bost magistratutik bik aurka bozkatu zuten, iritzita sexu eraso gisa ikertu eta zigortu beharko luketela, sexu abusu gisa epaitu beharrean. «Horrek agerian utzi zuen nolako eragina duten epaile bakoitzaren ikuspuntuak eta aurreiritziek prozesu judizialetan, eta argi geratu zen lege orokor bat behar zela interpretazio logiko eta koherente bat izateko», nabarmendu du Elizondok.
«Begirada zeharo aldatu zen: erabaki zen aurrerantzean erasotzailearen jarrera eta ekintzak ikertuko eta epaituko zirela; ez biktimarenak»
ARANTXA ELIZONDO EHUko irakaslea
Espainiako Auzitegi Gorenak zuzendu egin zuen, 2019ko ekainaren 21ean, Nafarroako Probintzia Auzitegiaren epaia, eta sexu erasotzat jo zuen talde bortxaketa, argudiatuta indarkeria inplizitua eta intimidazioa erabatekoa zela, eta biktimak ez zuela handik nola ihes egin. «Ikerketa asko egin dira, eta badakigu halako egoera batean pertsona bat blokeatu egin daitekeela, eta horixe bera erantzun argi bat dela», esan du Elizondok. Herritarrek begi onez ikusi zuten Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena, eta Macarena Mujika abokatuaren esanetan, agerian geratu zen indarkeria matxistari eta sexu erasoei buruzko legea moldatu beharra zegoela. Bada, prozesu judizial horren ildotik eman zuen fruitua mugimendu feministak aspaldi ereindako haziak, eta 2022an Espainiako Gobernuak onartutako soilik baietz da baietz legeak auzitan jarri zuen sexu erasoaren eta abusuaren arteko dikotomia.
Prebentzioa eta zigorrak
«Sexu erasoak ez dira arazo indibidualak, sozialak baizik; ez dira gertaera bakanak, egiturazko arazo bat baizik; eta estuki lotuta daude oinarri diskriminatzaileak dituen kultura sexual jakin batekin». Hala dio soilik baietz da baietz legeak, eta bai Elizondok, bai Mujikak uste dute «oso lege egokia eta osoa» dela, nahiz eta, Mujikak salatu duenez, ez den horren onurak azaltzeko «interesik» egon: «Legeak prebentzioa sustatzen du, eta aipatutako kultura hori aldatzea du helburu, baita administrazioaren zenbait alorretan formakuntza bermatzea ere».
Horrez gain, ez du derrigor salaketa bat aurkezteko exijitzen. Elizondoren arabera, salaketa erdigunetik at kokatzea «oso garrantzitsua» da, bide ematen baitu prozesu judizial bati ekin gabe ere laguntza eta babesa jasotzeko. Salaketarik aurkeztu gabe ere sexu eraso bat jasan duen emakume batek lor ditzakeen zenbait baliabide aipatu ditu Mujikak: «Erreparazio txiki bat, hala nola soldatapeko eszedentzia bat edo laguntza psikologikoa». Halere, soilik baiez da baietz legeak zenbait kartzela zigor murrizteko aukera eman zezakeela eta, Espainiako Berdintasun Ministerioak erreforma bat onartu zuen. Mugimendu feminista horren aurka agertu zen, iritzita «zenbait sektorek egindako manipulazio mediatikoak eragindako alarma sozial bati» erantzuten ziola erreformak.
«Zigorra ezin da sistematikoki berrikusi; inplikatutako aldeek eskatu behar dute, eta biktimaren iritzia aintzat hartu behar da. Kontua da epaitegi askotan ez dela ez aintzat hartu, ez errespetatu»
MACARENA MUJIKA Abokatua
Ikuspuntu horrekin bat dator Elizondo: «Jakina, erreforma horrek alarma sozialari erantzun zion. Lege horren aurkako iritziak asko hedatu ziren, eta feminismoari buru egiteko erabili izan den estrategia bera erabili zen: erridikulizazioarena». Azaldu duenez, delituaren azpimota bat sortu zuten, eta berriro ere abusuaren eta erasoaren arteko banaketa bat egin zen. «Halere, oraindik ere arreta erasotzailearen jokabidean jartzen da», zehaztu du. Erreforma hori onartu ondoren ere, soilik baietz da baietz legea auzitan jarri ohi du gizartearen parte handi batek, iritzita erasotzaileei kalera irteteko aukera ematen diela. Elizondok akusazio horien inguruko informazioa bilatu izan du sarri, eta hona hemen aurkitutakoa: «126 erasotzaile irten dira espetxetik lege hori onartu zenetik, baina ez dakigu zenbat aurreratu zuten irteera: kasu batzuetan, izan daiteke bi aste edo bi hilabeteko aurrerapena. Informazio hori ez dago; beraz, hori jakin gabe ezin dugu asmatu zenbateko eragina izan zuen».
Zigor murrizketa zertan datzan azaldu du xehe-xehe Mujikak: «Lehen, bi maila zeuden, erasoa eta abusua. Ez zegoen erdibideko mailaketa bat, eta hori nahi zuten. Lege berri bat egiten bada, interpretatu daiteke gutxieneko zigorra txikiagoa izan daitekeela, baina zigorrak ezin dira atzerako eraginez aplikatu handiagoak badira edo eraso berriak badira; onuragarriagoak direnean, ordea, bai. Baina hau ez da lege honek asmatu duen zerbait; zigor kodearen 2.2 artikuluan dago jasota, eta edozein herrialde demokratikok bermatzen du. Zigorraren berrikuspenari dagokionez, ezin da sistematikoki egin; inplikatutako aldeek eskatu behar dute, eta biktimaren iritzia aintzat hartu behar da. Kontua da epaitegi askotan ez dela ez aintzat hartu, ez errespetatu». Gaineratu duenez, soilik baietz da baietz legearen ondorioz murriztutako zigorren gaia pil-pilean zegoela, prebarikazio delituen zigorrak moldatu eta murriztu ziren, baina ez zen polemikarik egon: «Gauza batzuekin aurreiritzi handiak daude».
Sistemaren gabeziak
Irule zerbitzu juridiko eta psikosozialean egiten du lan Mujikak. Ikuspuntu feminista dute ardatz, eta maiz artatzen dituzte sexu erasoren bat egin dieten emakumeak. Kontatu duenez, frogen gabeziak eragiten du zailtasun gehien: «Halako erasoak intimitatean gertatu ohi dira, eta, askotan, erasotzailea gertuko norbait da. Hortaz, batzuetan emakumearen testigantza bakarrik daukagu froga gisa». Salaketa prozesuaren iraupenak eta biktimak erabaki hori hartu arte igarotako denbora ere hartu ohi dira aintzat: «Beste batzuetan, emakumeak lagunei edo senideei kontatzen die gertatutakoa, baina maiz etxera joaten da, dutxatu egiten da, eta ez du horren inguruan ezer jakin nahi. Azkenean, gertukoek salaketa bat aurkeztera bultzatzen dute; batzuetan urtebete beranduago izaten da, eta emakume horienganako mesfidantza handia dago». Horrelakoetan azterketa psikologikoak eta osasun azterketak ezinbestekoak direla nabarmendu du.
«Batzuetan, emakumeak lagunei edo senideei kontatzen die gertatutakoa, baina maiz etxera joaten da, dutxatu egiten da, eta ez du horren inguruan ezer jakin nahi. Azkenean, gertukoek salaketa bat aurkeztera bultzatzen dute, baina emakume horienganako mesfidantza handia dago»
MACARENA MUJIKA Abokatua
Halako prozesu batean, biktimak behin baino gehiagotan kontatu behar izaten du bizi izandakoa, eta horrek berriro «biktimizatzen» du. «Gainera, zalantzan jartzen da emakumea, eta hori oso mingarria da», salatu du abokatuak. Harekin bat dator Elizondo, eta nabarmendu du prozesu judizialean galdeketak egiten direnean «funtsezkoak» direla epaileen eta polizien rolak. Alabaina, beti ezin da jakin nolako jarrera izango duten: «Badakit komisaria eta epaitegi guztietan trebakuntza jaso duten pertsona batzuek egon behar dutela, baina batzuetan zorte kontua da».
Bide antipunitibistak
Azken urteetan, zenbait talde feminista mekanismo eta bide antipunitibistak sortzen eta baliatzen ari dira sexu erasoekin eta, oro har, indarkeria matxistarekin lotutako kasuak lantzeko. Kontraesan eta zalantza ugari daude bide horien inguruan, eta indarrean dagoen eta hegemonia duen prozesu judizialarekin alderatuta, auzitan jarri ohi dira. Elizondoren arabera, erasotzailearen jokabidea «epaitu eta zigortu» egin behar da, baina biktimari erreparatu behar zaio hark zer-nolako bidea egin nahi duen eta zauria osatzeko zer behar duen jakiteko.
Mujikak azaldu duenez, Irule zerbitzuan «beti» aukera ematen dute prozesua bide antipunitibista batetik egiteko, iritzita «salaketa judizialak oso egoera bortitzak» sor ditzakeela, eta mekanismo antipunitibistak onuragarriak izan daitezkeela. Hori bai, nabarmendu du denetatik ezagutu dutela: «Erreparazio prozesu batzuk oso ondo egin dira: erasotzaileak jarritako neurriak onartu ditu, eta onartu egin ditu egindakoak; ardurak hartu ditu. Beste batzuetan, ordea, erasotzailearen barkamen eskea ez da osatzen beste ezein neurri edo baliabiderekin, eta huts egiten du».
«Indarkeriaren erroak sozialak dira, patriarkatu batean bizi baikara, eta garrantzitsua da hori aitortzea; bi mende daramatzagu esaten hezkuntza eta sozializazio bideak indartu behar ditugula, argi eta garbi»
ARANTXA ELIZONDO EHUko irakaslea
Hala, erreparazio prozesu batek berme guztiak eduki ditzan ardura eta neurri kolektiboak behar direla uste du Elizondok, eta galdera bat egin du: «Erabakia biktimen esku dago soil-soilik? Adibidez, biktima batek heriotza zigorra eskatzen badu, logikoa da pentsatzea ezin dugula azken erabakia haren esku utzi». Haren arabera, argi dago zigor handiek ez dutela zertan desikaste edo prebentzio neurririk eragin, eta ezartzen diren justiziak eta zigorrek «gogoeta prozesu kolektibo baten» emaitza izan behar lukete. Erasotzailea kartzelatik irten ondorengo egoerei erreparatu die: «Indarkeriaren erroak sozialak dira, patriarkatu batean bizi baikara, eta garrantzitsua da hori argi izatea. Erasotzaileak ez daude zoroak; egitura baten ondorioz gertatzen diren indarkeria forma ezberdinak dira, eta horri heldu behar diogu, aintzat hartuta biktimak zer behar duen zauria osatzeko. Bi mende daramatzagu esaten hezkuntza eta sozializazio bideak indartu behar ditugula, argi eta garbi».

