«Gabezien gainetik», EAJrekin hitz egiteko prest da EH Bildu

Uste du EAJk ekonomiari buruz egindako proposamenak oinarrizko gabeziak dituela, baina alde onak ere badituela

Dani Maeztu, Maribi Ugarteburu, Laura Mintegi, Oskar Matute eta Leire Pinedo, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Aurreko astean EAJk gainerako alderdiei helarazitako proposamenen artean, sozio-ekonomiari dagokion atalean ditu desadostasun handienak EH Bilduk. «Gabezia handiak» ikusi dizkio koalizioak jeltzaleen proposamenari, eta horiek oinarrian daudela dio, gainera. «Oro har, esan daiteke egungo esparruaren gabezien barruan eta egungo politika neoliberalek ezartzen dituzten tarteen barruan kokatutako planteamendua dela», azaldu du Laura Mintegi koalizioko lehendakarigaiak. «Oinarria» bera da, beraz, «arduratzekoa», Mintegiren ustez, «krisi honetara ekarri gaituen politika ekonomikoaren lerro nagusiak errepikatzea planteatzen duelako».

Hala ere, EH Bilduk proposatzen dituen zenbait neurri jasotzen dituela eta, planteamendu ekonomikoei buruz hitz egiten jarraitzeko borondatea azaldu du. EAJk erreforma fiskalaren beharra jaso izana, enplegua sortzeko egitasmoak defendatu izana eta gastu sozialari eusteko asmoa azaldu izana dira, EH Bilduren begietan, jeltzaleen txostenak arlo ekonomikoari dagokionez plazaratu dituen alderik onenak. Horregatik azaldu du hitz egiten jarraitzeko nahia, baina jeltzaleei abisu bat eman die: «Edo sakoneko aldaketak egiteko prestasuna dago, edo sakona, oso sakona den krisi honetatik ateratzea ezinezkoa izango da». Gauzak horrela, ados jartzea ez du erraz ikusten Mintegik: «Lan eta denbora asko beharko da akordioak lortzeko».

Luzera begirako ikuspegia

Koalizioko buruaren esanetan, politika ekonomikoen gainean akordio zabal bat egitea «lehentasunezko beharra da euskal gizartearentzat», eta, beraz, Eusko Jaurlaritzaren osaerari dagokion prozesua gainditzen du. Hortaz, gaiak sakon aztertu eta landu nahi ditu Mintegik. «Epe ertain eta luzerako ikuspegiz heldu behar zaio gaiari», azaldu du.

Bilbon eman ditu azalpenak lehendakarigaiak, EH Bilduren legebiltzarkide izango diren beste lau ordezkarirekin EAren egoitzan egindako agerraldian. Mintegirekin izan dira Maribi Ugarteburu, Oskar Matute, Dani Maeztu eta Leire Pinedo. EAJren txostena atalez atal aztertu, eta horiei buruzko iritzia plazaratu dute hedabideen aurrean.

EH Bilduk «marra gorritzat» duenean, adibidez, «asmo onak» ikusi dizkio EAJri, baina, praktikan, hartuko duen bideari buruz zalantzak ditu nagusi. Politika sozialetan murrizketarik ez egitea eta lanpostuak sortzeko egitasmoak abiatzea da lehentasuna koalizioarentzat. Jeltzaleek nahi hori bere egiten dute, baina, Mintegik ohartarazi duenez, hori ez da posible izango «defizit publikoa murriztea helburu duten aurrekontuekin». Areago, aurrekontuen zati handi bat jaten duten proiektu erraldoiei eutsita. AHTa aipatu du espresuki.

Gainera, «gastu sozialari eustea helburu duela esaten badu ere», EAJk proposatzen duen aurrekontu politika «bankuei zor publikoa ordaindu ahal izatea helburu duen legean» oinarrituta dagoela azaldu du. «Alegia, lehen erraskatearen ondorioz Europako finantza botere nagusiek Espainiako Estatuari agindutakoa betetzea». Bestlde, politika sozialen «kontrola» behar dela esan izanak «guztiz kezkatu» du Mintegi.

Erreforma fiskalaren beharra mahaigaineratu izana begi onez ikusi du, baina EAJrekiko «mesfidati» azaldu da koalizioa gai horri dagokionez ere. Izan ere, haren hitzetan, orain arte progresibitatearen bidean hartutako neurriak oztopatzen aritu da EAJ. Gainera, EH Bilduri «argigarria» iruditu zaio alderdi jeltzaleak «zerga iruzurraren kontrako plan bateratuei uko egiten diela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.