Argan aurkitutako gorpua Gabriela Reyesena dela baieztatu dute

Dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten atzo, eta babesa adierazi zieten Reyesen senideei eta lagunei.

Gabriela Reyesen aldeko elkarretaratzea
Gabriela Reyesen aldeko elkarretaratzea, atzo, Iruñeko Sanduzelai auzoan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko otsailaren 19a
09:00
Entzun

Abenduaren 7an desagertu zen Gabriela Reyes, Iruñeko Sanduzelai auzoan. Iragan ostegunean, hilotz bat topatu zuten Arga ibaian, emakumea desagertu zen tokitik hiru bat kilometrora. Espainiako Poliziak baieztatu du gorpua Gabriela Reyesena dela. Hatz marken bidez identifikatu dute, EFE agentziaren arabera. Ikerketako iturriek aurreratu dute itota hil zela eta ziurrenik ez zela deliturik izan haren heriotzan. Atzo, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten Sanduzelaiko O-ko parkean, Reyesen senideei eta lagunei babesa adierazteko eta kasua «lehenbailehen» argitu dadila exijitzeko.

Sanduzelaiko Sare Feministak eta Sanduzelaiko Emakumeak taldeak antolatu zuten elkarretaratzea, Denok gara Gabriela lelopean. Paula Paesak eta Marta Morrasek hartu zuten hitza lehenbizi, auzoko mugimendu feministaren izenean. Sostengua adierazi zieten Reyesen gertukoei: «Zuekin batera egon nahi dugu une gogor honetan; eskua luzatu eta auzo osoari gogorarazi inor ez dagoela bakarrik». Horrez gain, administrazioari eskatu zioten «beharrezko baliabide guztiak jar ditzala» gertatutakoa argitze aldera.

Gabriela Reyesen senideek eta lagunek ere hartu zuten parte protestan. Haien izenean hitz egin zuen Giovanni de Leonek. Eskerrak eman zizkien protestara joandako herritar guztiei, eta «babesa» eskatu zuen, bereziki, desagertutako emakumearen ahizparentzat: «Ez ditzagun bakarrik utzi une lazgarri hauetan». Minutu bateko isilunea egin zuten gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.