Hauteskundeak

«Gakoa ez da Sanchez ala Feijoo», EAJrentzat, «Madrilen Euskadi defendatzea» baizik

Euskadiren ahotsa izango da jeltzaleen goiburua uztailaren 23ko Espainiako Gorteetarako bozen kanpainan. «EAJ da Euskadiren ahotsa Madrilen», aldarrikatu du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak.

Andoni Ortuzar EAJko presidentea alderdiko zerrendaburuekin, gaur, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2023ko ekainaren 24a
12:53
Entzun

Euzko Alderdi Jeltzaleak uztailaren 23ko bozen kanpainara eramango duen lelo nagusia Euskadiren ahotsa izango da. Horrela eman du ezagutzera gaur Andoni Ortuzar EBBko presidenteak, Sabin Etxearen aurrean egin duten ekitaldi politikoan. Ortuzarrekin batera Mikel Legarda, Aitor Esteban eta Maribel Vaquero, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuak egon dira. «EAJ da Euskadiren ahotsa Madrilen. Ahots propioa, bereizia, entzuten dena eta, are garrantzitsuagoa, kasu egiten diotena», ziurtatu du Ortuzarrek.

EH Bildu koalizioak azken legegintzaldian Espainiako Kongresuan egindako lanaz asko hitz egin eta idatzi den honetan, Ortuzarrek EAJren rola errebindikatu du eskarmentuari erreparatuta. «Madrilen, euskal herritarren interesak defendatzen mende oso bat daraman ahotsa gara. Ehun urte luze, pertsonen bizimodua hobetzen». EAJko presidenteak eraginkortasunean egin du azpimarra, lortzen duen alderdia azalduz: «Ahots eraginkorra gara, elkarrizketa zalea. Horixe delako herritarrek eskatzen digutena: akordioak eta lankidetza denon ongizaterako. Akordioak eta ez zarata. Elkarrizketa eta ez gatazka».

Dena den, Ortuzarrek gogora ekarri du iragan M-28ko hauteskundeetan bere alderdiak «ohartarazpen bat» jaso duela «abstentzioarekin», baina, era berean, gogoratu du «Euskal Autonomia Erkidegoan boto gehien» jaso dituen alderdia izan zela. Hala, jeltzaleen buruak espero du uztaileko bozetan ere «konfiantza bera jasotzea» hautesleen aldetik. Eta helburu argi bat ezarri du: «Euskadiko lehen indarra izatea eta Kongresuan eta Senatuan berriz ere Euskal Taldea osatu ahal izatea».

Abstentzioa apaldu nahi dute

Talde hori eratu nahi du alderdiak «eskubide eta askatasunak indartzeko, milaka euskal herritarren pentsioak bermatzeko eta kalitatezko enplegu duina finkatzeko, bereziki gazteentzat». «Gure industria» ere sartu du Ortuzarrek defendatuko dituenen artean, «gure enpresa txiki eta ertainak eta gure langile autonomoak».

EBBko buruak esan du EAJk «ahalegin guztiak» egingo dituela abstentzioa apaltzeko, «bozkatzera joateak daukan garrantzia» nabarmenduta. Beste alderdiekiko harremanei dagokienez abisua eman du Ortuzarrek: «EAJ ez da sartuko azken egunetako probokazioetan, ezta etorriko direnetan ere». Udal eta foru hauteskundeen osteko aliantzak eta, bereziki, PPren babesa sarri aterako da kanpainan, beharbada, baina EAJ Madrilera begira jarriko dela helarazi du Ortuzarrek: «Dena emango dugu Euskadiko herritarrei mezu argi bat bidaltzeko: hau ez da Sanchen eta Feijooren arteko borroka. Euskal herritarrek ez dituzte aurkituko Sanchezen edo Feijooren izenarekin hasiko diren zerrendak. Euskadiko zerrendetan agertuko dira Aitor Esteban, Maribel Vaquero eta Mikel Legarda».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste hautagai batzuekin ere gogoratu da, ordea, EAJko buruak: «Patxi Lopez eta Javier Andres izenak ere agertuko dira, jakina, baina inolaz ere Sanchez edo Feijoo». Batera edo bestera, argi azaldu du boto emaileek uztailaren 23an aukeratuko dituztela «Madrilen Euskadi defendatuko dituzten pertsonak, eta inolaz ere Espainiako Gobernuko presidentea». Hori hurrengo urrats bat dela esplikatu du. «Eta heltzen denean, EAJk bere botoen balioa aldarrikatuko du eta Euskadiren onerako erabiliko ditu» amaitu du Ortuzarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.