Egonkortu da Galarreko sutea, baina Castejonen eta Iruñearen arteko tren zerbitzua ez da oneratu

Noaingo aireportuko eremura ere iritsi da sua. Tutera parean beste sute bat piztu da, A-68 errepidean, baina hura ere kontrolpean dute.

Suteak erretako labore lurrak, gaur arratsean, Ezkirotz aldean. IÑIGO URIZ / FOKU
Suteak erretako labore lurrak, gaur arratsean, Ezkirotz aldean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2026ko uztailaren 24a
20:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arratsalde hasieran Getzen (Galarren) piztutako sutea egonkortu egin dute suhiltzaileek, 19:00 aldera. 

Uzta bildua zuen soro batek su hartu du gaur Getzen (Galarren) 14:40an, eta Nafarroako garraio azpiegituretan eragin du. 

Adifek jakinarazi du Noainen eta Iruñearen arteko tren zerbitzua eten egin dutela. Nahiz eta sutea egonkortu den, tren zerbitzua ez da oneratu 20:30ean. Tafallan tren bat geldirik zegoen ordu horretan, eta bertako bidaiariei beste irtenbide bat ematen ari zaie Adif errepidetik. X sare sozialean, @inforenfe kontua kaltetutako trenei buruzko informazioa ematen ari da. Adibidez, Gasteiztik zetorren tren bateko bidaiariei autobusez «plan alternatibo bat» eskainiko zaie.

Halaber, sutea Noaingo aireportuko eremura ere iritsi da, eta larrialdi plana aktibatu dute. Oraingoz hegaldietan eraginik ez du izan, arratsaldeko lehen orduetarako ez baitzegoen hegaldirik programatuta.

Lehen hipotesien arabera, litekeena da traktore batek eragin izana sua. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, laborantza eremu batetik basorantz zabaldu da sutea oso azkar, eta handik Noaingo aireportuko eremura. Arratsalde hasieran, Ezkirozko sarbidera heldu da sutea, iaz itxitako BSHren lantokira.

Oraintxe, inguruan lanean ari dira Cordovillako eta Tafallako suhiltzaileak —zenbait helikoptero erabiltzen ari dira—, bai eta foruzainak eta basozainak ere.

Suteko eremutik gertu dago trenbidea. Adifek azaldu du suteak eragina izan duela Castejonen eta Iruñearen arteko bidean, eta hura zeharkatzen duten distantzia luzeko eta erdiko trenak eten dituzte.

Sutea Noaindik, Iruñe hegoaldetik eta A-15 autobidetik ikus daiteke, ke hodei handia sortu baita. 

Nafarroan bertan beste sute bat ere piztu da, A-68 errepideko 86. kilometroan, Tutera parean. Errepideko areka batean piztu da sua, eta handik zuhaitzak dauden eremu batera zabaldu da. Hura itzaltzeko lanetan ari dira Tuterako, Azkoiengo eta Lodosako suhiltzaileak, baita Errioxakoak ere. Arratsean kontrolpean zuten sua. 

Beste sute bat ere sortu da gaur. Argantzonen (Trebiñu, Araba), suhiltzaileak lanean ari dira 16:00ak aldera piztu den sute bat itzaltzeko. Zereal larre batean piztu da, A-1 errepidetik gertu, eta handik beste eremu batzuetara zabaldu da. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA