Aiaraldea Gaur atariak jakinarazi duenez, aurrez Aitor Zelaia gasteiztarrarekin egin zuen moduan, Galder Barbado amurrioarra ere baldintzapean aske uztea erabaki du epaileak. Horretarako, baina, familiak 6.000 euroko bermea ordaindu beharko du. Dena den, senideek ez dakite oraindik noiz aterako den zehazki kartzelatik, baina datozen egunetan izan daitekeela iragarri dute.
Zelaia eta Barbado otsailean atxilotu zituzten, Gasteizen bata eta Amurrion bestea. Atxiloketen ondotik, gazteak espetxeratzeko agindua eman zuen Maria Tardon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Madrilgo Soto del Realgo espetxean egon ziren hasieran, bakartuta. Martxoan, ordea, Zaragozako Darokako espetxera lekualdatu zituzten gazteak.
Zelaia atzo utzi zuten aske, epaiketa egin bitartean eta 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren. Berri agentziek atxiloketen garaian jakinarazi zutenez, "substantzia leherkorrak, sukoiak edo su eragileak" edukitzea egotzi zien Maria Tardon epaileak. Espetxeratze horien abiapuntuan 2014. eta 2015. urteetan gertatutako zenbait eraso daudela jakinarazi zuten.