Konponbide sustatzeko Nazioarteko Konferentzia. Jonan Fernandez. Baketik zentroko zuzendaria

«Garai berri honetan, beharrezkoa da aldaketa pertsonala eta soziala»

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Baketik zentroaren bosgarren urteurrena ospatuko dute gaur Arantzazuko Gandiaga Topagunean, 11:00etan. Euskal Herrian abian den konponbide prozesuarekin itxaropentsu azaldu da Jonan Fernandez Baketik-eko zuzendaria (Tolosa, 1962).

Datozen urteei begira, zer eginkizun bete nahi du Baketik-ek?

Orain dela bost urteko eta egungo egoeraren artean zer ezberdintasun dauden aztertu dugu, eta bi gako topatu ditugu. Batetik, munduan dagoen krisia. Krisi hau ez da soilik ekonomikoa; ereduen krisi bat da. Bestetik, Euskal Herrian bakearen aroa irekitzen ari da. Bi kasuetan aldaketa bat behar da, baina aldaketa ezin da politikoa izan bakarrik; aldaketa soziala eta pertsonala uztartu behar dira, bizikidetza kultura berri bat sortzeko gure herrian.

Indarkeriaren amaieraren bidean, zer toki dauka astelehenean Donostian egingo den konferentziak?

Garrantzitsua zer den eta bigarren mailako zer den bereizten jakin behar dugu momentu honetan. Konferentzia honen inguruan, kontuan hartu behar dugu zerbait garrantzitsua gertatzen ari dela, eta fase garrantzitsu batean egonda, nik uste dut konferentzia horrek beteko duen lana giltzarria izango dela aurrera begira. Uste dut eragile guztiek hori babestu behar dugula eta Lokarriren ahalegina bultzatu behar dugula. Bakera ailegatzeko pauso asko eman behar dira, eta baldintzak sortu behar dira toki askotatik.

Konferentzian parte hartuko duzu?

Ez. Guk atzetik babestuko dugu. Gainera, uste dugu ez dugula parte hartu behar. Hor parte hartu behar dutenak hor daude, eta besteoi tokatzen zaigu apal-apal bultzatzea, animatzea eta txalotzea.

Eusko Jaurlaritzak ez du parte hartuko, PPk ere ez. Zer balorazio egiten duzu?

Kakotxen artean, normala iruditzen zait. Oso zaila da bakea lortu baino lehen denak mahai baten inguruan egotea. Bake prozesu guztiak atalkako prozesuak izaten dira, baina ailegatuko da momentu hori. Nik uste dut hobe dela denek parte hartzea,baina gehiengo handi bat badago aurrera jarraitzeko nahikoa izan daitekeela uste dut. Oso garrantzitsua da ateak irekita uztea, falta direnak aurrerantzean sar daitezen.

Indarkeriaren zikloaren amaierak nola baldintzatu dezake etorkizuneko bizikidetza?

Guk beti esan dugu beharrezkoa dela bukaera ordenatu bat. Bukaera desordenatu bat da porrotaren eredua. Batzuek defendatu izan dute porrotaren eredua, baina guri iruditzen zaigu hori dela bukaera desordenatu bat. Bizikidetzari begira eta etorkizunari begira, askoz hobeaa da bukaera ordenatu bat, eta nik uste dut konferentziak laguntzen duela bukaera ordenatu bat izaten. Jakin behar da noiz bukatzen den indarkeriaren aroa eta noiz irekitzen den beste aro bat. Horrek sortuko ditu baldintzak bizikidetzaren inguruaren berradiskidetzearen lana hobeto egiteko.

Batzuek erabiltzen duten garaile eta garaituen tesiaren gainean zer iritzi duzu?

Ez zait diskurtso eraikitzailea iruditzen. Iraganari buruzko irakurketa etiko bat egin behar dugu guztiok. Ez da posible izango diagnostiko politiko bateratu bat, baina bai balorazio etiko bat. Pixkanaka-pixkanaka egin beharko da,eta gauza asko agertu beharko dira. Giza eskubideen bortxaketak ez dira bakarrik alde batetik etorri. Giza eskubideak agertu behar dira garaile gisa, eta giza eskubideen bortxaketa guztiak agertu behar dira galtzaile gisa.

Prozesu honetan zein izan behar du biktimen rolak?

Biktimek eskubide moral eta material bat dute, eta hori errespetatu behar da. Eskubide politiko bat ere badaukate: ezin da etorkizuna eraiki iraganean ezer gertatu izan ez balitz bezala. Biktimek beste hiritar guztiok bezalako eragina izan behar dute politikaren norabidea zehazteko orduan. Baina hortik aurrera ez daukate plus bat erabaki politikoak baldintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.